Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Sumendiak

Joan zen uda eta negua heldu da» kantatzen zuen urriak aspaldi. Eta hobe ez baletor, pobre bizi baikara eremu latz honetan. Urtaroak bata bestearen atzetik igarotzen dira hemen, intxaur eta orbelez bete zaizkigu mendi inguruak eta pausaje nekosoz gabiltza atzera eta aurrera, oinak zoru bigunduak irentsiko balizkigu bezala.

Bukatu omen da larrialdi egoera; kalea denona omen da berriz. Edo, denona ez bada, lehengo jabeena bai behintzat. Argindarraren prezioa goraldian eta erretiro adina atzeraldian; buzodunak Tubacex-era bueltan eta batadunak kalean. Eta urtaroak beren ibili axolagabean, beren ohiko ziklo errutinazkoan. Klima aldaketak kilimak bai, baina urria urri da oraindik zuhaitzen adar biluzietan.

Telebistako pantailak La Palmako sumendi bat ekartzen digu etxera gauero. Suzko tximinia baten gainean txinparten dantza liluragarri bat, laba irakinaren kolore-gama infinitua, itsasoarekin topo egindakoan lehertutako lurrunaren indarra. Lurraren orroak entzun eta, pantaila hotz eta urrun baten bestaldera ere, dardara egiten du gure barruko zerbaitek.

Badelako zerbait leihoz bestaldeko paisaia grisarekin talka egiten duena. Badelako zerbait sumendiaren irudi bortitzean, ezagun egiten zaiguna, gure sentitzen duguna.

Guk ere bai baitakigu lehertzea zer den. Eusten diguten plaka tektonikoak –lagunak, lana, bikotea, maitalea... edozein– zartatzea zer den.

Bai baitakigu nola egiten dugun eztanda, nola ematen digun haragiak buelta barrukoz kanpora jarri arte, irakiten; ukitzen, entzuten eta begiratzen gaituen edozein kiskali beharrean.

Eta jada gelditzerik ez daukan ikara eta amorru bat isurtzen dugu gure ingurura, orduak, egunak eta hilabeteak irauten dituen sumendi emozional bat dena zalantzan jartzen duena, gure baitara biltzen gaituena arantzak ateratako triku bat nola.

Pasatuko dira egunak, asteak eta hilabeteak, eta harrituta begiratuko diogu sortu dugun hondamenaren tamainari. Aldatuta sumatuko dugu gure burua, norbaitek gure eta gure ingurukoen kartografia berri bat marraztu izan balu bezala. Zabalago sumatuko dugu gure burua, zabalegi bakardadean bilduta jarraitzeko.

Eta gure ertz kiskaliak ongarrituko ditugu berriz harreman zaharrak eta harreman berriak landatu ahal izateko. Benetan zer gertatu zaigun ulertu ez arren: zergatik lehertu garen, zergatik kolpera dena kiskali eta hondakinetatik berriz abiatzeko premia hori. Nondik atera zaigun eutsi ezineko egonezin hori. Zenbat lurrikara gertatzen diren gure baitan guk sumatu ere egin gabe.

Eta lurra orroka entzuten dugun bitartean gure buruari galdetuko diogu ez ote den kolpez lehertutako sumendi bat baino bortitzagoa guri kasurik egin gabe bere erritmoari jarraitzen dion leihoz bestaldeko paisaia baketsua. •