Herri normala bihurtzen garenerako prestatzen

Imajinatzen duzue zuen burua herri normal bateko herritar gisa? Hori da Norvegiara joan naizenetan etengabe buruan izan dudan pentsamendua. Dakizuenez, David Plarekin han egon gara duela gutxi. 2011n han ETAren ordezkari gisa egon zirenean zer gertatu zen azaldu eta ordutik hona gertatu denaren balantzea egitera joan gara. Dokumental txiki bat egin dugu, NAIZen ikusgai dagoena. Aieteren benetako testuingurua hobeto ulertzeko ekarpena dela uste dut.

Edonola ere, Aietez eta euskal auziaz asko hitz egin dugu. Norvegiaz hitz egin nahiko nuke hemen: herri normal batez eta aldi berean, oso berezia den nazioaz.

Bi dira Norvegiak nazio gisa zabaltzen dituen balio nagusiak: ongizatea eta bakea. Ongizateari dagokionez, petrolioak emandako mozkinen kudeaketak norvegiar herritarren ongizatea eta garapena bermatzea du helburu. Nazio-paktu baten ondorioz, ongizate hori bost belaunaldietarako bermatua dagoela diote. Orain aberatsa eta lehen pobrea zen herrialdea da, eta horrek haien nortasuna baldintzatu duela argi dago. Soiltasuna asko baloratzen duen herria dela esango nuke, alegia, gutxirekin bizitzeko gai izatea gauza handia da beraientzat.

Ohikoa denez, jokabide horrek aurkako poloa ere indartu du. Neoliberalismoaren indartzearekin batera zarrastelkeriarako joera zabaldu da. Telesailek joera hori erakusten dute. Adibidez, “Exit” telesailak lau yuppie norvegiarren gorabeherak kontatzen ditu, “American Psycho”-ren estiloan. Finantzei esker azkar aberastu diren lau morroiren luxuzko bizipen lotsagabeak kontatzen ditu telesailak, oso modu gordinean. Beste alde batetik, “El gran fondo” hango funts subiranoaren funtzionamenduari buruzko komedia sinplea da. [Jakina, telesail hauen balioaz, hobe Gaizka Izagirreren kritikei kasu egitea]. Oso ikuspuntu desberdinetatik bada ere, bi telesail hauek gizartearekiko autokritika sakon bat erakusten dute. Autokritikarako gaitasuna beste bi balioen azpiko balioa litzateke, garrantzitsua hau ere.

Norvegiarren beste balio nagusia bakea da. Ez bake inozoa, baizik eta bake materiala. Gudaren jauntxoek mespretxuz «bakearen industria» deitzen duten horretan inbertsio handiak egiten ditu Osloko Gobernuak. Urrutira joan gabe, 2011n David Plaren, Josu Urrutikoetxearen eta Iratxe Sorzabalen aterpe izan zen tokia ez erakusteko eskatu ziguten. Izan ere, elkarrizketarako babesleku gisa erabiltzen jarraitzen duten azpiegitura da eta, alor honetan, zuhurtzia segurtasunaren berme da.

Norbaitek esango du, arrazoiz, Euskal Herria ez dela Norvegia. Ziur asko, guk petroliorik ez dugula nabarmenduko du. Eta egia da. Eztabaida politikoaren funtsa, ordea, daukazunarekin zer egin dezakezun aztertzea da. Eta horren arabera, erabaki ahalik eta zuzenenak hartzea. Beste guztia, Olentzerori bidaltzeko gutuna da.

Honezkero ezagutzen nauzue. Badakizue ezin dudala euskal auziaz hitz egin gabe egon. Norvegiara begira, 2011ri herri gisa petrolioa atera geniola uste dut. Gure nazioa birkokatu eta etorkizunera proiektatzeko aukera sortu zen. Euskal establishmentak aldaketa moteldu nahi du, konponbidearen ondareari sua emanez, funts subiranorik sortu gabe. Etsipena hedatu nahi dute. Urkulluk eta EiTBk Norvegiara joateko gogoa pizten dizute, badakit. Halere, erresistentziaz gain, oztopoei irudimenarekin erantzuteko gaitasunagatik da berezi herri hau. Normalak izaten garenerako balio ederra da. •