Juantxo EGAÑA

ARRIAGAKO KAIA, DUELA MENDE ETA ERDI

XIX. mendean, argazkilari askok euskal kostaldeko irudiak utzi zituzten gerorako. Eulalia Abaituak Bilbo erakutsi zigun, itsasadarra eta bertako jendea, herria eta herritarrak. 1860 eta 1875 artean, Jean Andrieu, Henri de Lestrange, Jean Laurent eta Charles Monney frantsesek Euskal Herrira gerturatu eta Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldearen argazkiak egin zituzten. Gipuzkoan Hermenegildo Oterok, Bizkaian Manuel Torcidak eta Lapurdin Ferdinand Berillonek eta Gaston Ouvrardek, besteak beste, portuetako irudiak utzi zizkiguten: emakumeak ikatz ontziak deskargatzen eta sareak josten, zamaketariak eta arrantzaleak, eta beste. Pedro Telesforo Errazquin Astigarraga, 1834an jaiotako bilbotar enpresaria, argazkizalea izan zen. Beirazko 530 plaka baino gehiago egin zituen, Bilboko Euskal Museoan kontserbatuta daudenak. Haren argazkiak 1859tik 1895era bitartean eginak dira. Oro har, Bilboko eta bertako kaleetako, itsasadarreko eta portuko ikuspegiak dira; esate baterako, Arriagako kaiaren panoramika hau, 1859 inguruan egina eta bi argazkiko muntaia dena. Pedro Telesforo Errazquin Banco de Bilbaoren eta Ferrocarril Bilbao/Tudela elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta, besteak beste, Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberako lehen presidentea 1886an. Parisen hil zen 1898an, hara joan baitzen bere enpresa sarea zuzentzeko.