Xabier Mikel Errekondo

Aingeruen sexua

Sexuaren eta maitasunaren inguruan gezur parrastada galantak iltzatu zizkiguten buruan. Maitasuna zerutarra, barneraketa soilik Jainkoak agindua haurrak ekartzeko eta sexua bekatu. Guri bainoago gure arbasoei, baina bada gure artean oraindik zerutar apostoluek eragin kalteen orbanik. Uste baino zabalduagoa.

Erlijioen eragina ez da garai batekoa, ez. Ostera, milurteko berrian ongia/gaizkiaren lege zaharra presente dago, bai, baita gizarte “aurreratu eta aske” honetan ere. Beste modu batera, arauak bete egin behar ditugula agintzen eta publizitatzen digute agintariek; horra apeza eta polizia zintzo/bekatari dikotomiaren zaindari.

Horregatik, beharbada, nire belarri-mina zintzotasuna aldarrikatzen entzuten dudan bakoitzean.

Sinetsita dugu pertsona askeak garela… ezarri mugen barruan, eta ez gara konturatzen albo kalteak muinetaraino ditugula sartuak norberak limiteak jartzeraino. Koitaduak gu, koitoan edo edozelako sexu praktikan zintzo/bekatari mugaren txarrantxa artean gabiltzanak.

Nago, baina, ariketarik osasuntsuenetakoa badela besteek eta ondoren geuk geure buruari ezarri arau eta mugez haraindiko ibilbidea. Kontrara, uzkurtuta bizi ditugu maitasuna eta sexua. Ez al da ba oso kezkatzekoa oraindik gure artean bertan klitoria non dagoen ez dakienik izatea edo orgasmorik izan ez duten uste baino emakume eta gizon heldu gehiago egotea? Irakurri bestela “7K” aldizkaria (2015/03/03) edo Elisa Brune eta Yves Ferroulen “El secreto de las mujeres. Claves científicas de la sexualidad femenina” liburu argigarria.

Bandoa: badator aingeruen matxinada, zerua gurtu baino nahiago mugak apurtu eta gorputza egurtu erromatar mahats-zuku-orgia lizunean.

Ibili zintzo demonio! •