Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Mugikorrik gabeko jendea

Covid ziurtagiria. Pasaportea. Pasea. Ez dago besterik azkenaldian. Alde daudenak. Kontra daudenak. Alde egonik kontra daudenak. Kontra egonik alde daudenak. Albistegi bete lerroburu; egunkari bete ikuspegi. Eta, denetan, irudi bera: jendea, mugikorra eskuan hartuta, petodun bati bere pantaila erakusten. Pentsatu dut, akaso, izango dela ziurtagiria inprimatu eta patrikan eramango duenik; baina mugikorrak soilik azaldu dira irudietan. Eta nire buruari galdezka nabil, pasaportea ez baina mugikorra noiz bilakatu ote zen bizitzeko ezinbesteko baldintza; taldeko kide izateko oinarrizko arau.

Eta zuek, mugikorrik gabe bizitzeko bezain ausartak izan zaretenok, zer leize zulotan ezkutatu zarete? Erdi biluzik al zabiltzate kalean, hankartea larruz estalita eta harpeetan bisonteak marraztuz? Omikron aldaerarik iritsi al da zuen sudur mintzetara? Zer liburu erosiko dituzue Durangoko Azokan?

Iristen al da Twitterreko eztabaidarik zuen sutondoetara? Eta Facebookik gabe, nola bereizten dituzue lagunak eta etsaiak? Nola osatzen dituzue taldeak Whatsappik gabe?

Telefonoaren dardara eta musika urduririk gabeko egunek ere hogeita lau ordu al dauzkate? Hogeita bost, agian? Eta hitzorduak, nola jartzen dituzue? “Gaur bazkalostean”, edo “arratsalde partean”, edo “iluntzean” bezain denbora tarte zehatzak erabiltzen al dituzue? Eta bost minutuko atzerapenez bazabiltzate, nola bidaltzen diezue mezua lagunari? Edo hari abisurik eman gabe ere lasai ibiltzeko bezain bihozgabeak al zarete? Eta zain egon behar dutenak zuek zaretenean, nola estaltzen duzue denbora?

Zer irakurtzen duzue komuneko eserialdietan? Trenean beste inoren begiradari ihes egin nahi diozuenean, zeri begiratzen diozue? Eta ezagutzen ez duzuen hiri bateko ezagutzen ez duzuen kale bateko ezagutzen ez duzuen leku baten bila zabiltzatenean, zer GPS erabiltzen duzue? Norbaiti zuen noraezaren berri ematera ausartzen al zarete?

Zer zerbitzaritan ezkutatu dituzue zuen datu eta algoritmoak? BIZUMik gabe, nola egiten dituzue kuadrillako kontuak? Edo tragorik ordaindu gabe bizi al zarete? Eta Osakidetzak, Gizarte Segurantzak eta bankuak nora bidaltzen dizkizuete mezuak?

Hor al zaudete? Benetakoak al zarete? Ba al da oraindik telefono kabinarik gure herrietan? Eta baldin badaude, haien hariak norabait konektatuta al daude? Edo, telesail zahar hartan bezala, denboran zehar bidaiatzeko makinak al dira orain? Eurotan funtzionatzen dute edo pezeta eta frankoen garaian iltzatuta geratu ziren? Zuek euroren bat izango duzue patriketan, ezta? Nolakoa da Glovo edo Deliveroo edo Just Eat-tik gabeko zuen mundua? Zein hizkuntzatan mintzo zarete?

Eta kalean baldin eta kalera ateratzen bazarete– gutakoren bat burua mugikorreko pantailara makurtuta ikusten duzuenean, zer pentsatzen duzue? •