Itzea Urkizu Arsuaga

Kristalezko bolarena

Gustatzen zait irudikatzea gure bizitza, kristalezko bola batean. Txikitan panpinei bezala begiratzea gure mundutxoei, gure mugimenduei; hara-honako horiek guztiak gorpuztuko ez banitu bezala. Ikustea gure lokartzeak eta esnatzeak, edo esnatzerik behar izan ez duten jaikitze begi-zulodun guztiak. Hau utzi eta beste hura jaso; halakori mezua idatzi eta beste harekin geratu, behingoz, kafe bat lasai-baina-ordu-laurdenean hartzeko. Kirola egin errutinaz, baina etxea txukun izanda eta gero sofan irakurtzen egoteko tarte bat hartzeko asmo utopikoarekin. Baietz esan konpromiso horri, gogoaren edo osasunaren edo nekearen kontra, baina ideal zenbaiten oso alde. Hitzei erauzi zentzua, eta “zer moduz” hutsak ahoskatu, automatismoz eta ez enpatiaz.

Gabon giroak kutsatuta-edo, aspaldiko partez eragin diot, gaur, bolari. Uste dut badela zerbaiten sintoma, norbere egunerokoari kanpotik begiratu nahi izatea; barrutik kristala pitzatzeko beldurra, beharbada. Mundua neke kolektibo bati bestelako izenak asmatzen ari den bitartean, gure kristalezko bolan neure burua ikusten baitut malabaristarena egin nahian.

Bi pilota aldi berean aireratu, hartu, eta atzera berriz aireratzea izan zitekeen konplikatua, baina, behin tempo egokiarekin sinkronizatuta, ia begiak itxita egin zitekeen. Kontuak hirugarren pilota jokoan sartzen denean zailtzen zaizkio malabaristari, gauza jakina da. Nola egin dantza hirurekin erritmo berean; nola laztandu pilota bakoitza, ukitu leun bakarrarekin mugimendu-zikliko-koreografiatu horren lilurari eutsi diezaion; nola zaindu pilota bakoitzaren pisu eta bolumenak eskatzen duen kadentzia, bakar bat ere lurrera eror ez dadin.

Aspaldi entzun nion norbaiti, esaten, bikoteak eta berak bigarrenez maitemindu behar izan zutela elkarrekin, haur txikiak hazi eta gero. Gordina eta ederra iruditu zitzaidan, aldi berean, noizbait izandako maitemin hartara itzultzeko gogoa izan daitekeelako, bere horretan, zaintza keinurik argiena: bide hau biona da, hemen nago, eta zu ere hor egon zaitezen nahi dut. 

Baina, zein erraz begiratzen diren gainerakoen kristalezko bolak, eta gurean zein azkar erortzen diren airean zebiltzan elur malutatxo idilikoak. Teoria ezaguna baita: keinu txikienek mantentzen dute malabara mugimenduan. Praktika, ordea, nekezago jartzen da martxan, errutinak kristalezko sabaia duenean. Eta esan egin behar da, ideia eta errealitate horrek dituen letra guztiekin, eufemismorik gabe: haur baten etorrerak poz bezainbeste balantza eragin diezazkioke bikote harreman bati, eta gure bidaideak asmatu behar du gure balantzetan dantza egiten, guk bereetan bezainbeste. 

Aitortu behar dut erdeinuz irakurri ohi ditudala urte berrirako asmoz eta proiektuz betetzen diren lerroak, baina, zer diren kristalezko bolak: kontraesanak ere mara-mara. Horregatik, gaur, ez nuke malabaretan trebatzen jarraitzea besterik nahi: besarkadei begiak itxi eta minutuak luzatu; benetako zentzua eman “zer moduz” guztiei. Hemen egongo naiz, eta zu ere hor egon zaitezen nahi dut. •