Jonander Agirre Mikelez - @jonanderagirre
Arkitektoa

Autoestimua

Nire lehen zutabea izanik, mila buelta eman dizkiot testu hau hasteko moduari. Hasiera batean, urtea bukatu aurretik irakurritako “New York Times”-en agertutako artikulu batekin hasi nahi nuen, non New Yorkeko hainbat arkitektura firmetan gertatzen ari den langileen sindikalizazioa azpimarratzen zen. Sinbolikoa iruditu zait, sistemikoa ia, nola orokortu den arkitekturari baliorik ez onartzeko joera hau, gure praktika balio ekonomikoz husteraino.

Eta horren inguruan idazten ari nintzela pentsatu dut ez dudala agian ongi hasi artikulua, urrutiko eta prestigio handiko iturri batetik hartutako artikulu bat aipatuz nire iritziaren sostengu. Bada hau ezinegona sortzen didan ohitura bat, gure kulturan, gure sortzaileengan eta inguruan gertatzen ari denari ez ikusiarena egin eta gertatzen dena kanpoko begiradarekin irakurtzeko joera, gehienetan hemen daukaguna soilik kanpotik azpimarratzen denean baloratzeko, orokorrean harrotasun hipertrofiatu batez lagundua. Joera honi autoestimu falta deitzera ohitu naiz eta gure kulturan zeharo errotua dagoela uste dut, kultura hitzaren zentzu zabalenean.

Ander Gortazarrek bere azkeneko zutabeari epilogo izena jarri zion eta bertan bolkatu zituen etorkizunarekiko zalantza, kezka eta beldur guztiak, zalantza gehiegirik gabe idatzi duen artikulu negatiboena moldatuz. Hau irakurrita, ezin beherago gaudelako sentsazioa jaso nuen eta nola edo hala, ezinbestean gora egiten hasi beharra sentitu dut.

Arkitektura ez da Euskal Herriak landu duen kultur espresio indartsuenetarikoa. Gaur egun zaila egiten zaigu Euskal Herriko arkitekto bat aipatzea, izan historikoa edo garaikidea. Lehiaketei beldurra dieten instituzioak eta arkitektura luxuzko elementu superfluotzat duten herritarrak ditugu. Kultur arloan ez gara sartzen, arkitektura eta eraikuntza ia gauza bera direla ulertzen delako. Hirigintza perspektiba ekonomikotik soilik irakurtzen den diziplina izatera mugatu da. Arkitektura bere esanahiaren zentzu murriztuenera eraman da azken hamarkadetan eta hala eta guztiz ere (nork daki, akaso hondoa jo dugulako jadanik) badira gurean egunero arkitektura egiten jarraitzen dutenak, aktibismotik ia.

Ospatu egin beharko genituzke praktika hauen lorpenak. BesTe-ren Dorleta eraikina Eskoriatzan, Ocamica Tudancaren plaza Mansilla Mayorren edo Paisaje Transversalen Amara Berrirako plana dira adibide batzuk, baina aipatu genitzake gehiago: VAUMM-en Portaviones eraikina Donostiako portuan, Behark-en estalkia Larrabetzun, Eulia Arkitekturak Bartzelonan bultzatutako APROP etxebizitzak, Garmendia Corderoren Salestarren eraikina Iruñean, BEAR-en plaza estalkia Mallabian, Garbizu Collar-en proposamena Beizamarako, ELE Arkitektura eta Alex Etxeberriaren El Sol parkea. Batzuk aipatu ditut, aipatu gabe geratu dira gehiegi.

Autoestimu baxua geure buruaren kualitate positiboak ez ikustetik etorri ohi da. Akaso, dugun arkitekturari espazio bat ireki beharko genioke eta, nork daki, hemendik denbora batera egunkarian ateratzeko adinako notizia izan liteke gure arteko antolaketa sindikala. •