Gorka Elejabarrieta

Trantsizioak

Europaren etorkizunaren inguruko konferentzia aurrera doa. Pandemiak inoiz baino ageriago utzi ditu Europar Batasunaren hainbat gabezia. Adostasunetara iristeko ezintasun iraunkorrak, adostasunak bilatzeko sistema instituzional oso burokratiko baten mende dagoenak, Europar Batasuna (EB) etorkizunean ere estatuen klub hutsa izatera kondenatzen du. Gehientsuenetan, interes komunak lehenetsi beharrean norbere interesak, estatu bakoitzaren interesak alegia, gailentzen dira eta horrek Batasuneko estatu kideei batasunak ematen dien indarra gutxiesten du. Barne merkatu bakar horren handia izateak ematen dion abantaila eta indarra eremu politikoan desagertu egiten da, posizio bakarra izan beharrean 27 posizio ezberdin baldin baditu. Errusiarekin Europak dauzkan harremanetan argi ikusten da hori. Errusiak nahiago du Europar Batasuneko estatu bakoitzarekin interlokuzio zuzena eduki Batasunarekin berarekin izatea baino. Nazio Batuekin, Segurtasun Kontseiluarekin gertatzen den bezala, erabakiak hartzeko kontsentsu sistemak ezinezko bilakatzen du behar diren erabakiak hartzea. Are ezinezkoago, behar diren erabakiak garaiz hartzea. XX. mendean gobernantza globala bideratzeko eraiki zen sistema instituzional osoa krisi sakonean dago eta egungo beharrei erantzuteko ezintasun nabarmenak dauzka.

Gure planeta zibilizazio trantsizio sakon batean murgilduta dago, trantsizio digital eta ekologiko erabatekoetan. Horrelako trantsizioak beti dira gatazkatsuak, tentsio ugarikoak. Tentsioak, gatazkak, are bortitzagoak izango dira baldin eta gobernantza globala bideratu beharko luketen instituzio horiek burokrazian eta ezintasunean murgilduta jarraitzen badute.

EBk autonomia estrategikoa lortzean jarri du helburu nagusia. Energia iturrietan, digitalizazioan edo osasungintzan, adibide argi gutxi batzuk aipatzearren, daukan dependentzia gutxitze aldera hainbat lan eremu eta helburu identifikatu ditu. Ariketa oso interesgarria da estatu bilakatu nahi duten estaturik gabeko herrientzat ere. Modu praktiko eta argian ikus baitaiteke subiranotasuna eskuratzeko, estatu independente izateko, beharrezkoak diren gauzak. Guk ere gure buruari antzeko galderak egin beharko genizkioke, egiten dizkiogu ziurrenik, eta autonomia estrategikoa eskuratzeko beharrezkoak ditugun kontuak identifikatzearekin batera, lortzeko beharrezkoak diren bideak eraiki behar ditugu. Hori da estrategia berriaren oinarrietako bat.

Europar testuinguru jakin horren baitan gure proposamen eta bide politikoak eguneratzen asmatu behar dugu. Eskoziar eta irlandar prozesuak adierazi nahi dudanaren adibide onak izan daitezke. SNP alderdiak Eskozian trantsizio ekologikoa hartu zuen bere independentziaren aldeko borrokaren bandera nagusi bezala eta Europan zein munduan eremu horretan aitzindari eta eredu izatea lortu du. Horrekin batera independentziaren aldeko babesa handitzea ere lortu du. Horretan Brexitak ere lagundu duela ezin ukatu. Irlandan antzeko zerbait gertatzen ari da Sinn Fein alderdiarekin. Azken urteetan iparraldean ez ezik hegoaldean ere alderdi bozkatuena izatea lortu du, eta inkestei kasu egiten badiegu bere aldeko babesa handitzen jarraitzen du. Sinn Feinek ere trantsizio global horren deklinazio lokal egokia eta progresista egitea lortu du, eta hori gainera irlaren, Irlandaren, batasun proiektuarekin modu eraginkorrean lotzea ere lortu du. Hor dago bere emaitza onen arrazoi nagusietako bat. Gurean ere hor dugu jorratu beharreko bidea. •