Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Aldaketak, etiketak eta seinaleak

Etiketak jartzen ditugu eta dizkigute. Nire ibilbide profesionalean inoiz izan dudan nagusirik hoberena da R. Niretzat garrantzitsuak diren hainbat gauza errespetatzen zituen eta ahalduntzeak duen eraginaz ohartu nintzen berarekin lan egin nuen garaian. Espazioa uzten zidan, arriskuak hartzera animatzen ninduen, nire irizpideak erabiltzera bultzatzen ninduen; zertan ari nintzen begira ez zen ibiltzen, nire erronka zela garbi uzten zidan. Baina, kezkaren bat banuen edo erabaki zail baten aurrean laguntza behar banuen, beti denbora eskaintzen zidan. Elkarrekin lan egindako etapa ez zen luzea izan, baina orduan ikasi nuen gehien, orduan trebatu ninduen nire buruan konfiantza izaten.

Ibilbide profesionalean aldaketa baten aurrean nagoenean, bere aholkua eskatzera itzultzen naiz behin eta berriz. Storyteller miresgarria da R, estatubatuar hezkuntzan gaztetatik landutako zerbait, zalantzarik gabe: «Bost hitz erabil daitezke askotan gauza bera esateko, baina hitz bat beti da besteak baino eraginkorragoa; hori aukeratu behar da» eta antzekoekin irribarrea atera ohi dit. Ez dakit nola, baina gaur ere Londres, Puerto Rico, New York eta Donostia koherentziaz lotzen zituen zerbait esan dit, erabat sinesgarria. Eta beti gogorarazten didan printzipio moduko esaldia bota dit behin eta berriz: «Estrategia eta bisio garbia behar dituzu, eta gainerakoa hortik sortzen da». Zenbat arrazoi duen. Baina gaur beste zerbait esan dit, eta buruan bueltaka dabilkit: «Zure intentzioak integritatea izan behar du. Zergatik egiten ari zaren hori erakutsi behar duzu, negozio friboloaz haratago, entretenimenduaren eta ikus-entzunezkoen xalotasuna baino gehiago delako egiten duguna». Beste balio etikoez ari zen, nire balioez. «Beti gogoratu, Garazi, ezberdina egiten zaituen hori ez galdu gizonez inguratuta egongo zaren leku horretan».

Ezberdina izatearen etiketaren pisua. Ezberdina naiz, ez naiz britainiarra, ez naiz gizonezkoa, nire ibilbidea ez da nire parekoen antzekoa, ez nuen haiek ikasitako unibertsitatean ikasi. Hori da esan nahi duena? Dimentsio asko ditu horrek, ñabardura infinituz josita dago. Intentzioaren integritatea. Buruan bueltaka.

Beste lagun batekin afaltzera joan nintzen duela gutxi eta R bezalako aholkulariak izateak duen garrantziaz ari ginen. Hark ere badu bat. Duela urtebete, Los Angelesen bizi zen norbait gomendatu zioten. Kasualitatez, bere gurasoak han bizi zirela-eta, bisitan joan zen batean egin zuen hitzordua. Hilabete batzuetan lauzpabost hitz-aspertu izan zituzten eta benetan konexio ona sortu zen. Hainbesteraino, ezen lan bat eskaini zion nire lagunari. Ezberdina zen norbaiten bila zebilen hura ere eta agidanez nire lagunak betetzen zuen behar zuen hura. Arrazoi pertsonalengatik, lagunak ezin izan zuen lana onartu, baina arantza bat utzi zion, erakargarria zen hura, bai lana eta bai, batez ere, pertsona. Denboran urtebete aurrera egin eta niri eskaini didate lan hura bera. Nire lagunak ez zekien niregana etorri zela lana eskaintzera, eta baiezkoa eman nuela.

Seinaleetan sinesten dut. Baita, abagune egokia, pertsona egokia, leku eta momentu egokian egote horretan ere. Eta, gaurtik aurrera, intentzioaren integritatean ere bai. •