Saioa Aginako
Psikoterapeuta

Eskakizunak

Gure burua maitatzea bizitza osoan iraun beharko lukeen abentura da. Hala ere, gure burua maitatzea ahaztu ez ezik, zabartu ere egiten gara, eta gure burua gaizki tratatu ere egiten dugu. Gizakiok, mandatu bezala jarduten duten narratiba mentalak aktibatzen ditugu maiz, eta lagundu ordez, babesgabe uzten gaituzte: «berandu arte geratzen banaiz, gehiago baloratuko da nire lana?», «ezin dut akatsik egin», «estimatzen al naute lagunek?», bezalako zalantzak sortzen ditu gure buruak, besteentzako “hobeagoak” nola izan gaitezkeen asmatu asmoz.

Gure burua “bikaintasunerantz hobetzearen” ideia ontzat ematen duen gizarte batean bizi gara. Hau da, gure baliabideen gainetik jardutea eskatzen diguna: dena ematea, eraginkorrak eta hiperproduktiboak izatea. Batzuetan, ia ezinezkoa da arnasa hartzea gizartea hain azkar doanean. Eskakizunez beteta dagoen gizarte batean, zaila da horiei norberaren eskakizunak ez eranstea. Egia da, halaber, une jakin batzuetan, gure ahaleginak muturrera eramateak trebetasun pertsonal berriak garatzeko aukera ematen digula. Horrela, helburuak planteatzeak zentzua ematen dio gure bizitzari, hala ere, arazoa, helburuak loraezinak direnean sortzen da, dela idealetatik abiatuta sortu direlako, dela ezartzen ditugun helburuak ez direlako errealistak, adibide bezala: «lanera ez naiz inoiz berandu iritsiko» gure buruari esaten diogunean.

Helburu bat lortzeko ezarritako autoeskakizun horrek gure bizitzako arlo guztietan edo gehienetan, perfekzioa lor daitekeen eta lortu behar den uste okerrera eraman gaitzake. Helburuak markatzea eta horiek lortzeko ahalegina egitea garrantzitsua bada ere, garuna, organismoa bezala, ez dago jarraitutako gehiegizko esfortzurako egina eta gure asmoak muturrera eramateak kalte fisiko zein psikologikoak ekar ditzake gure osasunarentzat.

Autoeskakizuna geure buruari ematen diogun agindua da. Gutxi gorabehera inkontzientea den pentsamenduaren itxura izaten du, hau da, «behar dut» batekin hasten dena. Autozorrotzagoak izan ohi gara oso sakon ezarrita ditugun balioak eta sinesmenak jokoan sartzen diren egoeretan. Autoexijentzia bera ez da txarra, aipatu bezala, beste “osagai” batzuekin batera helburuak lortzeko giltza izan daiteke. Kaltegarri bihurtzen duena, bere zurruntasuna da. Modu sinplean esatearren, autoeskakizunak zurrun eta malgu gisa sailkatuko bagenitu, zurrunak kaltegarriak izango lirateke eta malguak mesedegarriak.

Adibidez, batzuek uste dute lerro perfekzionista bati eusten ez bazaio, orduan zabarkerian eta kaskarkerian eroriko direla. Bi muturrak bakarrik existituko balira bezala: perfekzioa edo deskuidua. Tarteko puntu asko daudela ahazten dute eta gizakiak garela, ez hutsik gabeko makinak. Buruan ditugun ideal mentalak, askotan ez dira errealitatera egokitzen. Malgua izateak geure buruari esaten dizkiogun gauza asko zalantzan jartzea dakar. Adibidez, gure autoexigentziek gure hazkunde eta ongizate gaitasuna nola higatzen duten jabetzea esan nahi du. Horiekin, erruz eta beldurrez betetako aginduekin, gure sormena eta bizi-bulkada murrizten ditugu, libreagoak, eta seguruagoak izan nahi dugu, errealitatea sortzeko oztopoak eratuz. Perfekzionismoa ez da “onena” bilatzea, gure “okerrena” jazartzea baizik, egiten dugun ezer ez dela inoiz nahikoa izango esaten digun zatia. Gure buruarekin komunikatzeko modua aldatzea ariketa terapeutikoa da. •

saioaaginako@gmail.com