Itzea Urkizu Arsuaga

Burmuina jotzeaz

Goizero bezala noa aldapan gora, ikastolara iristeko igo beharreko eskailerei irisgarritasuna oparitzeko behinola egindako maldatxoetan, haurraren gurdiari bultzaka. Inork errutina horren irudia airetik begiratuko balu, gai izango litzateke pertsonak presaren arabera sailkatzeko: haurren pauso lasaian batzuk, eta gurdi-bakarra-kabitzen-den-aldapa-estuan aurrekoaren pauso geldoagoaren zain besteak.

Onartuko dut bigarren taldekoa naizela gehienetan, eta goizero-goizero haur txiki batekin ordutegi zehatz batzuk bete beharraren pisua sekula sentitu dudan nekerik handiena sortzen ari zaidala. Eskerrak, estres horretan ere aurkitzen dudan aitzakiarik hona ekartzeko.

Iritsi baita giroa gure egunetara. Eta, gurdiari bultzaka noala, pentsatu dut zenbait etxetan udak Ormaiztegiko zakurrarena egin diola udaberriari –Giroa ere iritsi da–. Zeren, benetan harrigarria suertatzen zait neguko berokitik sandalietara egun bakarrean pasatzeko gaitasuna duen jendea. Ihintzak bustitako goizetan, zentimetro bakarreko zola duten oinetako udatiarrekin airoso dabiltzan horiek, nik telazko zapatilekin etsitzen dudan bitartean.

Sasoi arteko arroparenak egin du, antza.

Arinkeria horrekin eztabaida bat sortzeko gaitasuna duen gizartea gara, Bi Bala musika taldeak aspaldi esan bezala, ez baikara alferrik bi bandotako herria. Eta, zergatik ukatu: maite dut eztabaida, eta hitzaren etimologia –ez da, bai da?–, eta eztabaidarekin neurrizko pasioak sentitzea, eta parekoak esan duenarekin etxera itzuli eta ideiei bueltaka aritzea. Janztea, nire telazko zapatiletatik bestearen sandalietara egindako bide horrek emandakotik.

Baina jaitsi nadin ika-mikaren irakurketa erromantiko horretatik, eta egin diezaiodan tarte bat mahaiaren bueltan mahai horren bueltan ez dauden gainerako pertsonez jarduteko dugun afizioari. Beste askotan bezala, hala aritu baikinen lehengoan: urliak erosi duen etxeaz, sandiaren bikote berriaz eta berendiaren Instagrameko argazkiez.

Bizitza kortse baten barruan sarrarazten digu eta, hala ere, mahaiaren erdira ekartzen dugu, behin eta berriro, edertasuna: nor den aho batez ederra; nor den ederra baina ez aurrekoaren maila berean; nork erakar gaitzakeen masan eta, kontrara, non dauden prefabrikatutako desio sistema baten barruan bizirauteko marra gorriak. Izan ere, deskuiduan, ildo horretako solasaldi batean ausartzen bazara esaten, gehiengo absolutuz eder-eder aukeratua izan den pertsona hori zure begietara ez dela bereziki erakargarria, akabo! Izango da miopia edo bekaizkeria, edo biak.

Kontua da, ihintzak bustitako maiatzeko goizetan badela takoidun botekin ateratzen den jendea ere. Kontua da desioaren itzala askoz ere luzeagoa dela, ezaugarri fisiko konkretu batzuei erantzuteko premia itogarria baino. Kontua da, maitemintzen garela fikziozko pertsonaiez, eta grina hori kolpean erortzen dela lurrera, aktoreari pertsonaia erortzen zaion unean. Kontua da, larruarekin batera burmuina ere jotzen dugula, eta hala izan bedi. •