Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna

Itxaronaldi erotizatzailea

Itxarotea ez da beti gauza astuna. Jostagarria ere izan daiteke, eta da. Agian zientzia fikzioa, esajeratua edota gezur galanta iruditzen zaizue esan berri dudana. Azkartasunaren garaian bizi garen honetan, nola esan dezaket halako txorakeria bat, ezta? Azkartasunaren kontsumora bultzatzen gaituen garaian bizi gara: klik bat egin eta hurrengo egunean zure etxean daukazu produktua, etxetik irten gabe ikus dezakezu atera berri den pelikula, egindako janaria eskatu, mezuak bidali munduko edozein lekutara, une oro konektatuta egon… Eta horregatik gorroto dugu itxarotea, frustrazio latza sentitzen dugu eta pazientzia deitzen diogun horri aio pelaio esaten diogu. Ahazten ari zaigu itxarotea zer den, ahazten ari gara aspertzen, egoten. Eta hori ez da “kontsumoan” bakarrik gertatzen, gure harremanetan ere sentitzen dugu, baita plano erotikoan ere.

Itxarote” hori defendatzen saiatuko naiz; ea norbait konbentzitzen dudan. Baina zer demontre esan nahi dut itxarotea erotizatzailea izan daitekeela esatean? Erotikaren planoan kokatuko gara une batez, desiren munduan. Datorrenaren zain gauden bitartean plazera sentitzeko gaitasuna dela esan genezake. Garrantzitsua da esaldiaren lehen zatia, “datorrenaren zain”. Hein batean, ez dakit posible den edozeren inguruan guztiz ziur egotea; badakigu desiratzen dugun hori gertatu egingo dela, badatorrela eta, era berean, itxaron egin behar dugula gertatzeko. Itxarote horretan gogoa handitzen doala sentitzen dugu, desira elikatuz joango bagina bezala; “ze gogo dudan zu musukatzeko”. Horrela, jolasaren zati izatera pasatzen da itxaronaldia eta hor, esperoan, asko disfruta dezakegu, momentua bizi eta gozatu. Bidean disfrutatzea da kontua.

Jar dezagun adibide bat. Demagun gustuko norbait ezagutu duzula eta berarekin ligatzen hasten zarela. Jolasean gustura zabiltzate; jada nabaritu duzu besteak ere zurekin egoteko gogoa duela, eta jolas hori luzatzea erabakitzen duzue. Irrikan zaudete elkar musukatzeko eta laztantzeko, baina gustura zaudete bide horretan. Musua noiz etorriko itxarotea erabakitzen duzue eta gogoa handituz doa. Une horrek sortzen duen kitzika nabaria da; zelako berotasuna daukazuen barnean. Badakigu musua etorri egingo dela, gertatzear dagoela eta horrek gero eta erakargarriago egiten du momentua.

Argi utzi nahi dut ez naizela desesperazioa sortzen duen itxaroteaz ari, gertatuko ez den horren zain egotean sentitzen dugunaz. Beste plano batean kokatzen da fenomeno hau. Hemen plazeraz ari gara, jolasteaz, gogoaz.

Gaur egun gaitasun hau lantzea oso interesgarria dela esango nuke, sufrimendu eta frustrazio asko ekidin ditzakeelako. Uste dugu zerbait berehala lortzen ez badugu ez duela merezi, ez dela ona guretzat, eta beste zerbaitetan jartzen dugu begirada. “Nik orain nahi badut, orain izan behar du; bestela ez da”. Harremanen erritmoa gero eta azkarragoa da. Ez dakit zer esan nahi duen horrek oraindik; hemendik denbora batera ikusiko dugu zein egoera berri ekartzen dituen horrek. Dakiguna da gure beharrek, desirek eta ekintzek denbora bat behar dutela, dena ez dela nahi dugunean eta nahi dugun bezala, eta itxaroteak ere izan dezakeela alde jolasti eta atsegin bat. Jolastu nahi? •