Iker Barandiaran

Botak eta galtza-uhalak

Pandemia gogaikarriaren aurretik, ordu txikietan, ezaguna dudan kaskamotz batek eskatu zidan Arrasateko Oi!ari buruz zerbait idaztea. “Nik?”-galdetu nion- “Agian ez dut zuetaz ondo hitz egingo”. Eta berak, konbentzimenduz: “Baina hasieratik egon zara hor…”.

Ba bai, Euskal Herriko kaskamotzen hiriburu eta garai batzuetan isla bakarra izan den honetan jaio eta hazi naiz. Eta hala sufritu dut. Kar kar kar.

Goazen, bada, denboran atzera, oso atzera. Gaztetxoak ginela lagun-min baten arrebak, ingeles irakasleak, Londresetik punk eta Oi! diskoak ekartzen zizkigun. Gaur egungo kanonen arabera agian ‘egokiak’ ez diren taldeak tarteko. Hor zaletu ginen eta, pentsa, puntuan egon nintzen Marteens-ak erosteko, baina ez, ez nuen egin.

Handik gutxira deskubritu nuen Instigators taldea ia kasualitatez. Zenbat zor diot talde ingeles horri! Gerora Jingo de Luch… Eta, pentsa, Youth Of Today taldearen disko bat erosi nuen pentsatuz kaskamotzak zirela…

Jada ez zegoen atzera bueltarik. Hardcoreak beste energia bat zeukan, eta dauka. Eta deskubritu nituen bestelako mezu apurtzaile eta eraikitzaileagoak.

Bitartean herrian Puñetazoren, neurri baten RIPen eta –zer esanik ez- Zakarrak-en eraginez Oi!arekiko zaletasuna pizten eta gorpuzten hasi zen. Atzetik etorri zen Iskanbila: Haritz kaskamotz peto-petoa zen, baina Gotzonek gustuko ditu gitarrak; hortaz, ez ziren estiloari hain fidelak. Beraiekin pasarte ugari: instrumentuak eskuratzeko taldekideek txosna ilegal kamikazea jarri zuten jaietan; UK Subs taldearekin jotzera gonbidatu genituen; Irene-ko kontzertuak…

Jarraian sortu ziren Sindy Berbenas, Des-Kontrol, Enboskada, Arkada Social…; handik gutxira, Arrasateko gazteria kaskamotza zen beste inon ez bezala. Garai hartan Inglaterrako Rectify, Hatred eta Coitus hardcore-punk taldeen bisitatan “Iker, zuk zer egiten duzu halako skinhead herrian?” galdetzen zidaten.

Ohituta geunden –ze erremedio!-. Gainera, une oso gozoak ere bizi izan genituen: adibidez, Red Alert taldearen lehen bisita. Nahiz eta mugimendu oso estetiko, mozkorti, futbolero eta eresi-zalea den, eta egia esanda askotan pelma samarrak izan, ba gure inguruan ez zegoen eskumako korronterik, kalean batera ginen eta batzuk lagunak ziren eta dira. Hala ere, orokortu gabe, zurrunbilo mozkor horren baitan tarteka kide batzuen jarrerak eskasak izan ziren.

Bestalde, 90eko hamarkada horretan baziren, nahiz eta halako ikusgarritasunik ez izan, bestelako musika apustuak, niretzat interesgarriagoak. Multzoan entzuten denak ez du nire arreta pizten, estetikek ez naute inoiz erakarri eta musikari zerbait gehiago eskatzen diot: mezuak, jarrera, koherentzia, eraikitzeko suntsitzea… Gainera, tamalez, lagunarteko koroek punkaren amorrua hiltzen dute.

Oi!ak galdu zuen erakargarritasuna eta punk-rocker bihurtu zen gazteria. Baina eutsi diote herri batzuetan, eta berpizkunde bat ematen dabil berriro, ez hain ageriko-estetiko, baina bai musikan. Duela gutxi Ekinez jaialdi erraldoia antolatu du lagun talde batek Bergaran eta Euskal Herriko punk eta Oi! taldeekin (soilik) 4.000tik gora pertsona batu dituzte kontzertu egun bakoitzean. Bestalde, uztaila hasierarako Gasteiz Calling-aren lehengusu kaskamotza den Mondra’n’Roll jaialdi handia antolatu dute punk eta Oi! aitzindari ingelesekin, eta interes handia piztu du. Gelditzeko etorri da? (Jarraituko du)