Pello Otxandiano

Zer dio Josu Jonek?

Itzali da sua azkenean. Suteek inoiz Nafarroan sortu dituzten kalte handienak izan direla irakurri dut nonbaiten. Klima larrialdiak gogor kolpatuko gaitu gu ere, eta ondorio sozial eta ekonomikoak larriak izango dira. Nafarroa sutan zela eztabaida energetikoan esku hartu dute industria fosileko ahots esanguratsuek. Josu Jon Imaz entzun genuen lehenengo, Bizkaiko patronalak antolatutako ekitaldi batean, Europaren estrategia energetikoa kritikatzen. Elektrifikazioaren hautuaren kontra jardun zuen, erregai fosilak ezinbestekoak direla esan eta neutraltasun teknologikoa aldarrikatu zuen. Enagaseko zuzendari orokor Juan Andrés Díez de Ulzurrunek, bide beretik, honek formak alde batera utzita, "qué cojones de debate, exploremos de una puñetera vez eso" esan zuen Arabako gasari buruz. Eta Repsoleko presidente Antonio Brufauk eman zion segida esanez Europak iraunkortasunari ematen diola lehentasuna lehiakortasuna eta horniduraren segurtasuna ahaztuta.

Hori da industria fosilak dioena. Eta, zer dio zientziak? Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldearen (IPCC) azken txostenaren arabera berotegi efektuko gasek 2025ean jo behar dute goia beranduenez eta nabarmen murrizteari ekin. Hala ez bada, Pariseko Itunak jarritako helburuak ez dira beteko eta beroketa global bortitzaren ondorioak oso larriak izango dira.

Egoera konplexua dela jakinda eta kudeaketa zaila duela ahaztu gabe, komeni da oinarri batzuk garbi izatea. Hemen bi markoren arteko talka gertatzen ari da: industria fosilarena batetik eta Europar Batasunarena bestetik. Baina estrategia energetikoen eztabaidan sartu aurretik, badago oinarrizko galdera bat denok erantzun beharko genukeena: Ondorio sozial eta ekonomiko hain larriak ekarriko dituen krisi betean, zeinak bizitzaren oinarri materialak suntsituko dituen planetaren hainbat lekutan, nork markatu behar du bidea? Sektore publikoak zientziari kasu eginez ala, hain zuzen, beroketa globalaren erantzule diren erregai fosilen industrian interes korporatibo agerikoak dituzten multinazionalek? Uste dut, eztabaida energetikora sartu gabe, onartezina dela ikuspegi demokratiko batetik Blackrock inbertsio funtsa bazkide nagusi duen Repsoleko kontseilari delegatua egiten ari den lobby lana. Are gehiago Repsolek, petroleoaren prezioaren gorakadari esker, inoizko mozkin handienak izan dituenean gizartearen pobretze orokorraren kontura.

Eztabaida energetiko konplexuan aldagaien ordenak badu garrantzia. Nago bi auzi nagusi daudela momen tu honetan jokoan, eta indar eraldatzaileen agendan horrek beharko lukeela lehentasunezko: Batetik, CO2 isurketak murriztu egin behar dira atzerapenik gabe, eta horrek erregai fosilak alboratzea eskatzen du; ondorioz, energia berriztagarrien alde egitea elektrifikatu daitekeen guztia elektrifikatuz. Noski, kontsumo mailak jaitsiz. Hori dela eta, industria fosilaren interes korporatiboak borrokatu egin behar dira, besteak beste, erregai sintetikoak falazia bat direla agerian jarriz.

Bestetik, enpresa energetiko multinazionalen interes korporatiboak azpiratu egin behar dira. Ez dira etikoki onargarriak izaten ari diren mozkinak eta zergapetu egin behar dira. Eta energia oinarrizko ondasuna dela kontsideratuz (are eskasia garaian), energia berriztagarrien hedapenean interes publiko komuna gailendu behar da.

"Eolikoak ez hemen eta ez inon!" ez da lelo egokia. Parke eolikoak beharko ditugu euskal lurraldean, burujabe izan nahi badugu eta petrolioa erretzen jarraitu nahi ez badugu behintzat. Ahalik eta kalte txikiena sortzeko non jarriko diren eztabaida demokratiko baten emaitza izan beharko da, eta funtsezko borroka izango da nola: nor izango den sortuko den energia horren onuraduna. Baina horra iritsi aurretik badudu lana Josu Jon eta konpainiarekin. •