Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

Oporretan ikusteko telesail laburrak (I)

Oporrak hastear edo jada hasita izango dituzue zuetariko askok. Autobusa, hegazkina, autoa edo trena hartzeko prest? Bertan ordu dezente igaro behar dituzuela eta, entretenitzeko zer egin dezakezuen buruari bueltaka ariko zarete. Askok, liburua aukeratuko duzue, jakina, baina beste batzuek nahiago izaten duzue telesailetara jo. Baliteke bidaia luzerik egin behar ez izatea,  baina oporrak igaro behar dituzuen kokaleku horretan, afalostean, lasai-lasai ikusteko zerbaiten bila ariko zarete agian. Ez duzue telesail luzerik nahi, denbora tarte horretan hasi eta amaitzeko moduko zerbait izan dadila, ezta? Udako opor egun guztietarako gomendio sorta zabala izango denez, lehen zatia izango da honakoa, bigarrena hamabost egun barru.

Dopesick
Dopesick (GAUR8)

Dopesick

DISNEY+ / 8 ATAL

Telefilm kutsua zuen produktu hutsala ikusi behar nuela uste nuen baina erabat harritu nau Hulu-ren proposamen honek.  Ameriketako Estatu Batuetan opioideen mendekotasunaren aurkako borrokaren epizentrora eramaten gaituen minisaila da, arazoaren fokua geruza desberdinen bitartez azaltzen duelarik; medikamentuaren sortzaileak eta enpresa erraldoiak, –farmazeutikoak alegia–,  komertzialak, medikuak eta jakina, pazienteak. Aktoreen artean, ezagunak egingo zaizkizun izen ugari: Michael Keaton, Peter Sarsgaard, Rosario Dawson edo Michael Stuhlbarg, besteak beste. 1996 eta 2005 arteko denbora lerroaren bidez, konpainiari mesede egiten dioten marketin kanpainak nola sortzen diren ikusiko duzu, nola eta zergatik jaso zuen FDAren –Food and Drug Administration, Elikagai eta Sendagaien Administrazioa– tratamendu berezia, nola erortzen diren pazienteak beren sareetan, nola baliatu zen merkatua biktimez, eta hainbat estamentu ofizialek justizia egiteko duten borroka korapilatsua. Farmazeutikak herritarren gainbeherarekin aberastea ahalbidetu zuen sistemaren salaketa nabarmena da istorioaren muina eta zur eta lur geratu naiz apenas ezagutzen nuen beste pandemia saihesgarri hau ezagutu dudanean. Ezinbestekoa.

Mare of Easttown

HBO MAX / 7 ATAL

Telesaila premisa nahiko sinple eta konbentzional batetik abiatzen da, Pennsylvaniako Easttown izeneko herri txiki batean Erin McMenamin gaztearen gorpua agertzen da. Nork hil du? Zergatik? Mare Sheehan (Kate Winslet) polizia bertaratu da gertatutakoa argitzeko. Ama helduak, ama oso gazteak, ama bakartiak, sufritzen duten amak dira Easttown herri endogamikoan gertatzen den polizia drama indartsu honen protagonista nagusiak, eta Mare.

Poliziaren paperean Kate Winslet, sekulako erakustaldia eskaintzen. Telesail honek bere tonuagatik, protagonistagatik eta ustekabeko umore distirak oparitzen dizkigulako Happy Valley gogora ekartzen du hasiera batean. Baina atalak igaro ahala, “Broadchurch”, “True Detective”, “Sharp Objects” edo zergatik ez “Twin Peaks”-en zantzuak ere antzeman ditut. Kate Winsleten lana eta bere pertsonaia aipatzeko idatzi propioa sortuko nuke. Ordu luzez hitz egin nezake hemen eskaintzen duen lana goraipatzeko. Azken hamarkadetako aktorerik onenetakoak pisu handia du telesailean. Langile klasekoa da, AEBetako herri txiki galdu bateko polizia. Bere semearen suizidioak, familia kargek eta oraindik gainditu ez duen dibortzioak zauritu dute. Motxila zamatsu horrekin, herriko neska gazteen bahiketa eta hilketa batzuei aurre egin beharko die. Harribitxia.

It's a Sin

HBO MAX / 5 ATAL

Ezezaguna zen beste pandemia latz bati buruzko telesail bikaina. Bere aurreko lanetan (“Years and Years”, “A Very English Scandal”, “Queer as Folk”, besteak beste) Russell T. Davies gidoilari eta sortzaileak frogatu zuen zer-nolako abilezia duen gizatasunez eta nortasun handiko pertsonaia berdingabez osaturiko istorio bizi eta entretenigarriak osatzeko. Baina baita ere, drama zein umorearen artean nabigatzen duen bitartean eta gizarte kritika inteligentea zabaltzeko duen behar hori erabiliz, hausnartzeko parada ematen duten ekoizpenak sortzeko duen trebetasuna. Hori guztia, gainera, minisail formatuan eta ireki eta ixten den istorio mamitsua jorratuz. Pet Shop Boys talde mitikoaren izen bereko abestiari erreferentzia egiten dion “It's a Sin” (Bekatua da) telesaila estreinatu berri du HBO plataforman. Oraingoan ere aurreko lanetan funtzionatzen zuten tekla berak zanpatu eta telesail bikaina gauzatzea lortu du. Londres, 80ko hamarkada. Hirian elkar ezagutzen duten hiru gazte homosexualen istorioa kontatzen da, hiesaren eragilea den (GIB) giza immunoeskasiaren birusaren kalteak ezagutzen hasi den gizarte atzerakoi batean –“Gay minbizia” etiketa jarri zioten gaixotasunari, beraz pentsa–. Bost ataletan, 1981ean hasi eta hamar urtez luzatzen da fikzioa.

Hamarkada igaro ahala, eta hiesaren itzala gero eta gertuago sentituz, hazten eta heltzen ikusiko ditugu, inoiz baino indar gehiagoz eta maitasun irmoagoz bizitzeko helburuz. Beren sexualitatea aztertzea, aktore izatearen ametsa gauzatzea, lana lortzea eta noski dibertitzea, hamarkada liluragarri honen testuinguruan. Desinformazioak, ezjakintasunak eta homosexualitatea oraindik begi onez ikusten ez zuen gizarte atzerakoi eta apur bat ozpinduaren atzaparrek ordea, bide hori maldatsua, bidegabea eta gogorra bilakatuko dute.

Lotsa da telesailak jorratzen duen beste elementu narratibo bat, eta azpimarratzekoa iruditzen zait. Hau Ritchie Tozer pertsonaiaren eta bere familiaren bitartez ikusten dugu bereziki. Pertsonaia guztiek protagonismo orekatua duten telesail koral bat den arren, nire ustez, pertsonaia horren istorioa baita argigarriena. Dibertigarria da, baina batez ere gogorra. Liluragarria eta aldi berean urratzailea. Russell T. Daviesen obrarik pertsonalena dela esango nuke. Ikuslearen bihotzera zuzenean doan telesail paregabea. Ezezaguna zen beste pandemia latz bati buruzko kronika bikaina. Urtean zehar telesail gutxi ikusten dituen horietakoa bazara, hau da aukeratu behar duzunetako bat.

The White Lotus

HBO MAX / 6 ATAL

Inortxok ere ez –ezta HBO berak ere– espero ez zuen telesail arrakastatsua. Iraun zuen sei asteetan sare sozialak ekoizpen honi buruzko txio, aipamen eta memez josi baitziren, bertan azaltzen diren pertsonaiak ia ikono bilakatzeraino. “Succession” zoragarriarekin gertatzen den moduan, pertsonaia jasanezinak eta gorrotagarriak, baina era berean maitagarriak. Umore beltzak gainezka egiten duen gidoi biribila eta elkarrizketa ironiko eta zorrotzez hornituriko trama oso entretenigarria. Astebetez, luxuzko resort tropikal batean erlaxatzeko intentzioz ari diren pertsona aberats jakin batzuen oporrak erretratatzen dituen telesaila da. Atalak igaro ahala ordea, guztia korapilatzen eta iluntzen joango da, azken traka apoteosiko batera iritsi arte. Osagarri horiekin guztiekin, modu satirikoan jorratzen ditu gizarte klaseen arteko desberdintasunak eta horren erruz izaten dituzten identitate krisiak. Ikusi. Ez zara damutuko.

Under the Banner of Heaven

DISNEY + / 7 ATAL

Mormoi izenez ezagutzen direnak ofizialki Azken Egunetako Santuen Jesu Kristoren Elizaren jarraitzaileak dira. Kristautasunaren aldaera bat da, eta bertako kideek kristautasunaren jatorrizko ideiaren gaurkotzea hartzen dute beren sinesmen eta erritutzat. Ez larritu, ez naiz hasiko mormoien jatorria azaltzen, gomendatu nahi dudan telesailarekin lotura duelako soilik aipatu dut sarrera labur hori. Andrew Garfield protagonista duen thriller hau benetako kasu batean oinarritzen da eta eliza mormoia tartean duen hilketa kasu konplexu bati heltzen dio. Garfieldek Jeb Pyre detektibea gorpuztuko du –mormoia bera ere–, 1984an Lafferty familian gertatu zen krimen basatia ikertzeko ardura duena. Kasu honetan, ikerketaren erdigunean, erruduna nor den baino, zergatik egin duen galdera kokatzen dute. “True Detective”-ren esentzia duen telesail hau –aldeak alde, jakina– ausardiaz murgiltzen da gai korapilatsu honetan eta aitortuko dizut barrenak nahasi dizkidala. Oharra: uztailaren 27an estreinatuko da.

Chloe

AMAZON / 6 ATAL

“The Tinder Swindler” dokumentalaren tankerako istorio ilun eta korapilatsua, baina Hitchcock-en garunetik sortua dirudien gidoi misteriotsu baten babesa duena; misterioz beteriko Instagram garaiko thriller psikologikoa. Alice Seabright-ek, “Sex Education” telesaileko gidoilari eta zuzendarietako batek, BBC katearentzat sorturiko telesail labur honek lehen segundotik harrapatuko zaitu. Sare sozialekin, eta bereziki bertan jarraitzen duen Chloe Fairbourne izeneko emakume batekin, itsutua bizi den Becky Green da kontakizun honen protagonista nagusia. Dementzia goiztiarra duen bere ama zaintzen duen bitartean, Beckyk inbidiaz jarraitzen du Chloeren bizitza, bere errealitatea, mundu horretatik oso urrun kokatzen baita. Chloek ametsezko bizitza erakusten du sareetan; bikotea, etxe erraldoia eta lagun talde arrakastatsuz inguratua bizi da. Chloe bat-batean hiltzen denean, Beckyk nortasun faltsua erabiliz, Chloeren gertuko lagunen bizitza inbidiagarrietan sartzea erabakiko du, benetan zer gertatu zitzaion jakiteko.

Zaila da oso, hasiera batean behintzat, Becky Green protagonistarekin enpatizatzea; bere helburu zehatza zein den ez dugu ulertzen, burutzen dituen ekintzak zalantzagarriak dira oso eta faltsukeriaz jokatzen du une oro. Hasierak Netflixeko “You” gogorarazi didan arren, atalak igaro ahala, eta Beckyk Chloerekin duen konexioa apurka argitzen hasten denean, “Chloe” telesailak geruza gehiago dituela iruditu zait, sakontasun gehiago, pertsonaiak interesgarriagoak dira, eta beste norabide indartsuago bat hartzen du. Sei atalak bata bestearen atzetik irentsiko dituzu.

Time

MOVISTAR / 3 ATAL

Zer-nolako erakustaldia eskaintzen duten Sean Bean eta Stephen Graham aktoreek hiru atalez osaturiko telesail motz honetan. Kartzelako drama xumea, iluna, baina aldi berean hunkigarria. Britainia Handiko kartzela sistemaren erretratu gordina azaltzeaz gain, bizitzan hartutako erabaki txarrek amildegira eramandako pertsonei buruzko erradiografia zehatz bat ere erakusten du. Istorio honetako bi protagonista nagusiak legearen alde banatan daude, baina biak etsaitasunezko ingurune batean bizirauten saiatzen dira. Sean Beanek erruak oinazetutako gizon bat gorpuzten du, Mark Cobden. Kartzelan sartu aurretik pertsona arrunta, aita eta irakaslea da. Bat-batean, bere bizitza goitik behera aldatu eta lau urteko zigorra bete beharko du. Beste aldean aldiz, Eric McNelly kokatzen da (Stephen Graham, izugarri, betiko moduan), presondegiko funtzionario beteranoa, hainbat preso talderen babesaz eta kudeaketaz arduratzen dena. Itxura zakarra duen arren, McNellyk bere lana zintzo betetzen du eta presoei egunero behar duten horretan laguntzen saiatzen da. Abilezia txundigarriz, Lewis Arnold zuzendariak eta Jimmy McGovern-en gidoi bikainak, bi pertsonaia horien barnean murgilduko gaituzte eta lehen segundotik lagunduko diegu beren infernu pertsonaletara egiten duten bidaia horretan.  Zuzendaritza lan paregabez, gidoi biribilez eta interpretazio bikainez bildutako istorio zuzena, bortitza, errealista eta oso gordina.

L'effondrement

FILMIN & DISNEY / 8 ATAL

Erakusten dituen irudiak, pandemia egoeran gaudenetik oso gertukoak eta ez hain arrotzak sentituko dituzu. Zortzi atal, bakoitza sekuentzia plano bakar batean filmatuta. Hasieran ezagutzen ez dugun gertaera konkretu batek gizartearen erabateko kolapsoa eragin du. Zortzi gertaera independente dira, kolapsoa eragin duen gertaeratik aurrera egun desberdinetan kokatuak. Bakoitza, denbora errealean filmatutako emozioen errusiar mendi bat da, non abentura, akzioa, drama eta larritasuna lehen pertsonan eta ekintzaren barnean egongo bazina bezala biziko dituzun, ia bideo joko batean egongo bazina bezala. Aho zabalik utziko zaituen telesail larrigarria eta frenetikoa. Aparta. Teknikoki, azken urteetan ikusi dudan proposamenik berritzaileenetarikoa. Lehen minutuan lepotik heldu eta azken segundoraino askatzen ez zaituen ekoizpen zorabiagarria.

Les Parasites izeneko taldea osatzen duten hiru errealizadoreen –Guillaume Desjardins, Jeremy Bernard eta Bastien Ughetto – lanari ez zaio meriturik falta, baina arrakastaren behin betiko bultzada bizi dugun pandemia bera izan da: 2019an filmatua izan arren, 2020an gertatutakoarekin antzekotasun handiak dauzka, trama nagusian funtsezkoak bihurtzen diren antzekotasunak, hain zuzen.

Errealitateak telesailari lagundu badio, jariatzen duen errealismoak bere arrakasta errematatzea lortu du. Kolapsoa, beldurra transmititzen duen istorioa da, erakusten duen gizartearen desintegrazioa guztiz sinesgarria delako.