Koldo Sagasti

Harresiak, entzutetsuak eta mutuak

Astelehenean Espainiako Kongresuko ordezkaritza batek Melilla bisitatu zuen, iragan ekainaren 24an Marokorekiko muga hesian gertatutako sarraskiaren inguruko froga dokumentalak jasotzeko. Orduan, hamarnaka pertsona hil ziren mugaldea zaintzen duten funtzionario armatuen bortizkeriaren ondorioz, 23 iturri ofizialen arabera eta 72tik gora eskualdean lanean diharduten GKE-en arabera, eta 470 baino gehiago berme legalik gabe atzera bueltarazi zituzten uniformedunek.

Aste honetan Nadorreko muga kontrolera bertaratu diren diputatuek kontu tekniko zehatz bat baino ez zuten helburu, ea gizateriaren aurkako krimen hura Marokoko edo Espainiako erresumako eremuan gertatu ote zen, eta ikuskatutako irudi ofizialek gezurtatu egin dute orain arte Grande Marlaska Barne ministroak itsu-itsuan defendatutako bertsioa: Espainiak ez zuela zerikusirik izan triskantza hartan.

Teknizismoak gorabehera, errealitatea da urtero milaka lagunek uzten dutela bizia hesi lotsagarri hori gainditzeko ahaleginetan, beste hainbestek Mediterraneoko itsaso-mugan uzten duten bezala. Zorigaiztoko asmakizuna nondik datozen eta nora doazen pertsona batzuen eta ez besteen bidea moztu eta hainbatetan bizitzak segatzen dituzten harresiak!

Eduardo Galeanok salatu zuen behin bere idazkietako batean behinola sekulako sona handia izan zuela Berlingo harresiak; egunero zutela hizpide, goizetik gauera, orduko albistegiek; baina hura bertan behera erori zenetik hamaika harresi eraiki direla mundu osoan, hainbesteko oihartzuna ez daukatenak. Alemaniako altzairuzko oihalaren atzetik etorri ziren AEB eta Mexikoren artekoa; Sahara okupatua basamortuko kanpalekuetatik banatzen duena; Palestinakoa, Berlingoa baino 15 aldiz luzeagoa; eta Ceuta eta Melillakoak, munta handiko sarraski bat gertatzen denean salbu, besteak bezain isilaraziak.

Zergatik ote da harresi batzuk hain entzutetsuak diren bitartean beste batzuk hain mutuak direla? Bada, akaso, uruguaitarrak zioen bezala, komunikabide handiek ere inkomunikazio harresiak eraikitzen dituztelako egunero. •