Miren Azkarate Badiola

Ikusgarritasunerantz elkarrekin

Amonarekin etxean bizitzeak atsotitz, esamolde, abesti eta abar asko ezagutzea ekarri zidan. Horien artean, beti esaten zuen lasai hil zitekeela bat zuhaitz bat landatu, haurra izan eta liburu bat idaztean.

Tira, bada, ni aurreko astetik aurrera jada hil naiteke lasai, hiru gauza horiek egin baititut honezkero. Baina oraintxe oso gaizki datorkit eta amonak oraindik itxaron beharko dit dagoen tokian.

Berak urteak beteko lituzkeen egun berean aurkeztu nuen “Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak” liburua Donostian, bere etxetik metro gutxira. Nire bizitzan oso garrantzitsua izan den eta den jendea bertaratu zen, giro goxo eta intimoan. Hunkigarria.

2019. urte bukaeran hasi genuen proiektua da, bihotzetik kontatutako istorioak dira eta era berean gure herriaren historia zatiak.

Euskal iheslari eta deportatuen seme-alaben testigantzak osatu ditugu bertan eta ohartu naiz barruan nuen arantza hori ez nuela nik bakarrik, guztiek partekatzen genuela eta hori bezala beste hamaika bizipen ere bai.

Lagin txiki bat besterik ez da azaltzen, zoritxarrez ehunka izan baikara “maletadun haur” horiek, baina gustatuko litzaidake modu batera edo bestera haiek ere parte sentitzea. Nik sinatzen dudan arren, liburu kolektiboa baita, ahots askoz osatua.

Lehen aldiz hitz egiten ari da gutaz, ikusezinak izateari utzi diogu pixka bat bada ere. Orain, jarrai dezagun gure herriko errelatoa osatzen elkarrekin eta iluntasunetik argitara ateratzen herri honek pairatu duena. Esaten ez dena ez omen da izaten eta inork ez du gugatik kontatuko. •