Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

40 urte igaro eta gero...

Ezin da euskara gutxi duenari euskara gutxiago eskaintzen jarraitu (Guillaume FAUVEAU)
Ezin da euskara gutxi duenari euskara gutxiago eskaintzen jarraitu (Guillaume FAUVEAU)

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten diet Eusko Legebiltzarrak azaroaren 24ko 10/1982 “Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea” onartu duela. Ondorioz, Euskadiko herritar guztiei, norbanako zein agintari, bete eta betearazi dezatela agintzen diet.

Gasteizen, 1982ko azaroaren 24an.

Lehendakaria, CARLOS GARAIKOETXEA URRIZA

 

Euskarak erabilera normalizatzeko lurraldearen zati batean, bederen– izan duen lege bakarra da 10/1982 Legea. Igaro dira, beraz, 40 urte garaiko lehendakari Carlos Garaikoetxeak oinarrizko lege horren hitzaurrean Euskadiko jendarte eta agintariei bete eta betearazteko agindua eman zienetik.

Legeak 2. artikuluan jaso zuen «Euskara da Euskal Herriko hizkuntza propioa»; eta, 3.enean, «Euskara eta gaztelania dira hizkuntza ofizialak Euskal Herriko Autonomia Elkartean»; bigarren kapituluko (Euskararen erabilera irakaskuntzan) 17.enean, berriz, «Jaurlaritzak derrigorrezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek, aukera berdinetan, bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menperatuko dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko ditu: halaber, euskal giroa ziurtatuko du, euskara (ikastetxeetako) barne –nahiz kanpo– jardueretan eta administrazio-ekintza eta dokumentuetan ohiko tresna bihurtuz».

Dudarik gabe, aurreko milurteko joan den mendean onartu zen legea baliagarria izan da urrats batzuk aurrera egiteko, hezitzaileen euskara gaitasunean, adibidez. Ez, ordea, neska-mutilek derrigorrezko ikastaldia amaitzen dutenean euskara benetan erabiltzeko adina menderatzeko, ezta euskal giroa ziurtatzeko ere. Pentsa euskararen berezkotasunaren aitormen eta ofizialtasuna ez duten gainerako euskal herrietan zein urrun dauden euskararen erabilera normalizatzeko legea izatetik. Hau da euskararen egoera, 40 urte igaro eta gero, bere lurraldean!

Egunotan, legeak ia mende erdi indarrean daramanean, Euskalgintzaren Kontseiluak «Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz!» idatzia aurkeztu du. Idatzian neurri proaktiboak eskatzen ditu, ezin baita arautu bi hizkuntzak maila berean baleude bezala. Ezin da, era berean, euskara gutxi duenari euskara gutxi eskaintzen jarraitu. Tesi hori 40 urtean egindako ibilbideak bermatzen du.

Ohartarazi du, bidenabar, ez dagoela hizkuntza ulertzerik horri lotzen zaion kultura alboratuta. Kultura ere eskubidea dela, eta kalitatezko hezkuntzaren bidean, gizarte kohesiorako elementua izanik, ezinbestekoa dela euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea.

Euskararen erabilera normalizatzeko lehen legea agindu zenetik 40 urtera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek eta agintariek bete eta betearazi behar duten Hezkuntza Legearen zirriborroa dago eztabaidagai. Kontseiluaren aburuz, hezkuntza lege berriak honako hiru puntuak ezinbestez jaso behar ditu berariaz: 1. Euskara ikas eta irakas hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa; 2. Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma; eta 3. Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Badakigu zein den bidea legeak duela 40 urte agindu zuena lortzeko. Euskara eta euskal kultura gutxi duenari gehiago eman. Formulak euskal herri guztietarako balio du. Ez daitezela beste 40 urte pasatu… •