Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea
3 BEGIRADA:

Pentsatzeko denbora galtzen ari gara

Badirudi etengabe bilerak egiteko beharra dugula
Badirudi etengabe bilerak egiteko beharra dugula (Dan DALTON | FOKU)

Covidaren ostean hasi genuen lana egiteko modu hibridoa ezartzeko fase horretan arrakala berriak azaltzen ari dira. Hibridoa diodanean, ez naiz leku fisikoaz (etxean edo bulegoan) bakarrik ari, baizik eta zer egiten dugun leku bakoitzean: zertarako den bulegoa eta zertarako etxea; nola mantentzen eta indartzen ditugun jendearen arteko harremanak; nork definitzen dituen arau berriak; nola aldatzen dugun kultura.

Badira printzipio zurrunak hartu dituztenak: bulegoak guztiz itxi dituzte eta langile bakoitzaren esku utzi dute lana nondik egin erabakitzea; edo berriro ere bost egunetan lantokira joatera “behartuta” daudenak (finean, ez zituzten kontratuak aldatu eta hori dio legeak modu atzerakoienean).

Erdibidean gelditu direnen artean, estrategia ezberdinak ikusten dira sektore eta kultura bakoitzaren arabera, gehienetan ahalik eta justuena izateko edo egoera berriaren onurez disfrutatzeko helburuarekin. Hala ere, dakigun horretara joateko inertziak irabazten ari dira kasu askotan. Aste honetan irakurri dut hainbat jendek aurreikusten dutela, 2024. urterako, “lau egun bulegoan, bat etxean” izango dela gehiengo handi batentzat norma berria.

Gogoan dut nire lantokian egin zen lehenengo aldaketetako bat mahai kopurua murriztea izan zela: jendea bulegora joatean zenean, Zoom edo bideokonferentzietan egotea ez zen lehentasuna eta horretarako ez zegoen mahai indibidual haien guztien beharrik. Eta, aldiz, bilera gelak handitu zituzten jende gehiagorentzat egokitzeko; espazio ireki gehiago sortu, kolaborazio sustatzeko, kafe lekuen kopurua ere handitu baita. Horren eragina neurtzea, noski, ez da hain erraza, edo subjektibotasunean edo inkesten emaitzetan harrapatuta gelditzen gara. Batzuek diote sormenaren kalitatea hobetu dela eta horrek negozioan eragin positiboa duela. Orduak pasa genitzake hori eztabaidatzen. Gai hori eztabaidagai izatea aurrerapena dela iruditzen zait niri.

Beharrezkoak ez diren konferentzia deiak agendan jartzearen fenomeno horretaz aritu ginen aste honetan zuzendaritzan. Badirudi ezinbestekotzat daukagula bata bestearen atzetik datozen bilerak izatea. Hogeita hamar minutukoak ziren hasieran; orain hamabost minutuko bilerak ere azaltzen hasi dira.

Jendearekin “konektatzeko” gailu bezala erabiltzen ditugu askotan. Deserabiltzen ari garela ohartu gabe. “FOMO” deitzen diogu Ingalaterran. Fear Of Missing Out. Alegia, ez bazaude bilera jakin batean edo ez baduzu pertsona bat bi egunez behin ikusten, zerbait galtzen ari zareneko sentsazioa sortzen zaizu, hiperkomunikatzeko beharraren eraginez: besteek jakin dezaten zertan ari zaren lanean eta han zaudela (existitzen zarela, alegia, etxean bazaude ere).

Baina, egunero hogeita hamar minutuko hamar bilera baditugu, noiz hartuko dugu denbora pausa egin eta pentsatzeko? Pentsatzeko kalitatezko denbora galtzen ari gara.

«Esperimentuak egingo ditugu», esan zidan nirekin lanean dabilen coach batek. «Asteazken eta ostiral arratsaldeetan debekatu egingo ditugu enpresa barruko bilerak, eta horrela ez da FOMO-aren beldurrik egongo». Ironikoa, ezta? Askatasuna eman zaigunean gure denbora nahi dugun bezala antolatzeko, erregelak inposatzera jo dugu. •