Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna
3 BEGIRADA:

Jeloskor nago

Sentitzen dugunak asko dauka esateko.
Sentitzen dugunak asko dauka esateko. (GETTY IMAGES)

Ez da batere erraza hau onartzea, ez da gustuko dudan sentsazio bat. Txiki sentiarazten nau, beldurti, triste eta zergatik ez, haserre. Uste dut txikitatik sentitu izan dudala; anaia etorri zenean nire errealitatea guztiz aldatu zen eta bat izatetik bi izatera pasatu ginen. Nik ez nuen nahi, nik niretzat nahi nituen begirada guztiak. Jeloskorra izan nintzen batzuetan, gurasoak galtzeko beldurra izan nuen, aukeratua ez izateko temati, triste. Garai hartan elkar ezagutu genuen jeloskortasunak eta biok eta gure arteko harremanak orain arte jarraitu du.

Subjektuz aldatuz joan da tarte honetan guztian. Hasieran gurasoekin eta anaiarekin, lehengusu baten batekin ziurrenik, ondoren haurtzaindegikoekin, lagunekin, irakasleekin eta bikotekideekin. Esklusibitatearen sentsazioa izan dudan harremanak direla esango nuke; ni naiz alaba bakar eta aukeratua, lagun onena, ikasle maitatuena, bikotekide eta maitale bakarra… Harremanak eta maitasuna finituak izango balira bezala; lagun onena bakarra da, laranja erdia den pertsona bat bakarrik dago zuretzat, ezin zaitezke bi pertsonarekin maiteminduta egon… Bestea ere maite baduzu, zer gertatzen da nirekiko maitasunarekin? Ez naiz zuretzat hain garrantzitsua, aukeratua?

Gure arteko harremana gero eta luzeagoa, gehiago ezagutzen dugu elkar. Informazio asko ematen dit jeloskortasunak; nola nagoen esaten dit, nire segurtasun falta non dabilen, autoestimua, beldurra, harreman horretan non kokatzen naizen… Sentitzen dugunak asko dauka esateko, informazio asko ematen digu eta ez modu literal batean, barrurago egoten direnei buruz baizik. Informazio hori ikusi, entzun eta asimilatzeak asko lagundu diezaguke gure harremanak kudeatzeko orduan; jeloskortasuna sentitu eta segituan erreakzionatzetik ekiten badugu… kontuz.

Izugarrizko indarra har dezake sentimendu horrek eta beste pertsonaren aurka arma bortitz baten moduan jaurti dezakegu. Maitasun erromantikoak bide eman dio horrela izan dadin; jeloskortasuna benetako maitasunarekin lotu izan da eta hori sentitzeak harremanari garrantzia ematen dio; zer polita jeloskor egotea, horrek maite nauela adierazten du. Nirea zara eta ez dut beste inorekin konpartitu nahi. Jeloskortasunak ez du ulertzen inor ez dela inoiz gure izango ez inorena, ez du ulertzen maitatzeko gaitasuna izugarri handia dela, ez du ulertzen pertsona bat maitatzeak ez duela esan nahi beste inor maitatu ezin dezakezunik.

Hasieran ikusten duen gauza bakarra mina da, beldurra, zuloa, hutsunea, tristura, eta badakigu halakoak deserosoak direla eta kendu nahi izaten ditugu ahalik eta azkarren. Nola? Bestearen gain utziaz. Nire jeloskortasuna zaintzearen ardura zurea da. Ez joan beste inorekin, nirekiko maitasuna deklaratu, sinatu, aitortu eta mugatu.

Kudeaketa eskasa dela esango nuke. Oso onartuta dagoen kudeaketa kaxkarra dela iruditzen zait, gainera; onartua, defenditua eta justifikatua. Horrela izateak arduratzen nau. Ardura ez hartzeak arduratzen nau. Jeloskortasunarekin dudan harremana zaintzera konprometitzen naiz; hori datorrenean ez dut nire jarrera oro justifikatuko. Adi egongo naiz, barrura begiratuko dut eta ahalik eta modu lasaigarrian kudeatzen saiatuko naiz. Informazioa jasotakoan zurekin konpartituko dut, maitea, ia topatzen dugun guretzat egokia den modu eta tokia. •