Foruen Monumentua eraikitzeko lanak

(Egile ezezaguna. Nafarroako Aldundia)

1893 eta 1894 mobilizazio, protesta eta manifestazio urteak izan ziren Hego Euskal Herrian. Horietako asko “Gernikako Arbola” abestuz amaitzen ziren eta Garesen (Nafarroa) altxamendu armatu bat egitera iritsi ziren “Vivan los Fueros” oihukatuz. Gamazadaren urteak izan ziren, eta euskal herritarrak ere hil ziren foruen alde eta Espainiako gobernuak foruen aurka emandako dekretuari aurre egiteko mobilizazioetan, Guardia Zibilak egindako kargen ondorioz. 1895ean, protesta horien oroimenez eta foruen defentsan, eta herriaren bultzadarekin, Iruñeko Sarasate pasealekuko Foruen Monumentua eraikitzen hasi ziren, urte batzuen buruan amaitu zen lana. Monumentua Manuel Martinez de Ubago arkitektoak diseinatu zuen. Irudi alegorikoak Ramon Carmona iruindarrak egin zituen. Rosa Oteizak Jose Martinez de Ubagorentzat posatu zuen. Jose Martinez de Ubagok 5,5 metroko garaiera duen brontzezko estatua diseinatu zuen, Foruen Monumentuaren goialdean ageri dena. 1903ko apirilaren 7an jarri zuten estatua hori. Egile ezezagunaren irudiak monumentuaren eraikuntzaren une bat erakusten du. Hermilio de Oloriz idazleak idatzi zituen 1905ean jarritako plaken testuak. Horietako batek honako hau dio: “Gu gaurko euskaldunok, gure aitasoen illezkorren oroipenean bildu gera emen gure legea gorde nai degula erakusteko”.