Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea
3 BEGIRADA:

Non jarri behar du azpimarra Hezkuntzak?

Zergatik ez ote ditugu neska-mutikoen buruak bakarrik bidaltzen eskolara?
Zergatik ez ote ditugu neska-mutikoen buruak bakarrik bidaltzen eskolara?

Zergatik ez ote dituzte neska-mutilen buruak soilik eramaten eskolara? Goizero, gure etxe atarian dagoen autobus geltokian ikusten ditut haurrak eskolara joaten. Autobuseko leihotik, haien burutxoak besterik ez dira ageri. Iradokitzailea egiten zait irudia: zergatik ez dituzte, bada, buruak soilik eramaten, eskolari ez bazaizkio haien gorputzak eta bihotzak interesatzen?».

Galdera Carlos Alberto Libânio Christo-ri, Frei Bettori, entzun genion. Frei Betto, brasildar fraide, hezitzaile eta pentsalaria da, eta Lula da Silva presidentearen aurreko gobernuko hezkuntza aholkularia izan zen. Sari ugari jasotakoa da; besteak beste, UNESCOk 2013an eman zion Jose Martí saria.

Frei Bettok Paulo Freireren metodoa erabili zuen Rio de Janeiroko kamioi fabrika bateko langileak alfabetatzeko. Lan hartan ari zela ohartu zen «inork ez diola inori ezer irakasten; baizik eta batzuek besteei laguntzen dietela ikasten».

Hezkuntza funtsezko giza eskubidea izanik, pertsonon eta jendartearen garapenerako tresna erabakigarria izatea nahi badugu, non ipini beharko luke azpimarra?

Haurraren garapena bermatuko duen eskola humanizatu baten premian gaude, dudarik gabe: haur eta gazte burujabeak heltzen lagunduko duena, non txikitatik lekua eta ahotsa izango duten. Horretarako, «ikasteko lekua baino, garatzeko lekua izan beharko luke eskolak: edukietan beharrean, pertsonen ongizatean zentratua» dagoen eskola behar dugu. Burujabe den haur hori mundutar izango denez, euskaldun eta mundutar gisa aurrera egiteko prestatu beharko genuke, gure haur euskaldunak munduan bizitzeko eta erabakiak hartzeko prestuak izan daitezen. Herriak burujabe izateko, eskolek, pertsonek, haurrek izan behar dute burujabe, ezinbestez.

Era berean, eskola horrek autonomia moralean sakondu beharko luke: haurrak edota gazteak, bere burua ezagutzeko, egiten dituen ekintzak noiz diren onak eta noiz txarrak jakin dezan.

Eskolak, halaber, pertsona oro kultur-eramaile gisa aitortu beharko luke. Neska-mutilek ezagutu nahi duten munduari buruzko interpretazio-teoriak lantzen dituzte. Badute, beraz, munduaren interpretazio bat.

Horren guztiaren emaitza beharko luke, aukera duenean erronka asko gainditzeko kapaza den haurtzaroa sustatzea. Zenbat aldiz ez ote diegun gure ikasleei haien denbora lapurtu, beste gauza batzuk egiteko denbora.

Zenbaitek dio iraganeko pertsona bat itzuliko balitz eskolan eroso sentituko litzatekeela; ez, ordea, ospitale batean. Eskola XIX. mendean zen hartatik desberdina izango den beste eskola bat posible da XXI. mendean.

Frei Bettok galdera bat jaurti zigun hezitzaile guztioi: zein da zure jardunaren helburu behinena? Desberdintasuna areagotzen duen sistema erreproduzitzeko eskulana sortzea edo «beste mundu posiblea» eraikitzeko pertsonak prestatzea, ingurumenaren suntsipena eta munduak gaur egun dituen beste hainbat arazo areagotzen ari den jendarte honen alternatiba izango direnak?

Guztion bihotzak eta eskuak behar ditugu eskolan, noski: bihotza, burua, eskua; sentitu, pentsatu, ekin; denok elkarrekin bidezko mundu baten alde! •