Iker BARANDIARAN
{ KOADERNOA }

Gora zu eta zure umorea

Lagun bat hil zaigu duela gutxi bat-batean. Espero ez genuela, ustekabean. Oso-oso autonomoa zen, izaera oso pertsonalekoa eta erabat askea bazen ere, nahiko “alemana” bere ohitura eta gauzetan: gauzak oso argi omen zituen eta ez zen erraz hortik ateratzen. Hala ere, diziplina horretatik eta bere oskoletik kanpo bazuen sozializatzeko beharra eta nahia, eta bere modura erakusten zuen barruan zeukan bihotz handia.

Mundu honen gordintasunean eta bere ustezko izaera partikularrean bazekien hala moduz, bere estiloan, jakina, bere onena erakusten eta partekatzen, eta eskaintzen zuena ez zen inola ere hutsala. Hain zuzen ere, bere kabuz eta bere molde propioan murgilduta bazen ere, orain, bere absentziaz berari buruz mintzatzeko elkartu garenean, konturatu gara lagunok -asko gara- hutsune handia utzi duela askorengan.

Baditugu anekdota ugari, tonaka, ustez edo itxuraz hain serioa zirudien lagun honekin batera bizi izandakoak, bakoitzak bereak, eta guztiak gogora ekarrita etengabe irribarrea ateratzen digutenak. Halakoetan konturatzen gara, gure izaerak eta bizipenek baldintzatuta, zer nolako altxorrak gordetzen dituen gutako bakoitzak, tantaz tanta azaleratzen baditugu ere, momentu eder txiki horiek bizipoza baitira. Halakoetan, falta zaizkigunean, estimatzen ditugu une berezi horiek haien tamainan, merezitakoan.

Joan dira aste batzuk gure artean ez dagoenetik eta etengabe burura etorri zait bera, baita berarekin bizi izandako pasarte ugari ere. «Esa gente afilada que se te clava», esan zuen berak duela urte mordoxka aurretik galdutako beste lagun bat, Portu, deskribatu nahian. Eta definizio hori erabat aproposa da justu bera erretratatzeko, hemendik oharkabean pasatu nahi zuela bazirudien ere; ez da horrela izan. Alderantziz. Bere apaltasunean, bere (tartekako) isiltasunean, bere ustezko aurrera egiteko izaeran, lotsatu edo hausnartzerakoan zuen modu berezian.... Utzitako arrastoa hor dago, eta sakona da.

Amets egin dut egun hauetan berarekin sarri, eta beste lagun batek azaldu berri dit seguruenik modu hau, sentsazio jakin hau, bere agurtzeko modua izan dela. Zirrara bat, ona, sentitu dut… Zeinek daki, auskalo!

Bat-bateko heriotzek hil denaren sufrimendua ekidin edo arintzen badute ere -eta horrek badu berebiziko garrantzia, itzela-, paradoxikoki, elkar agurtzeko aukera, une berezi hori, oztopatzen dute.

Horren harira, behin baino gehiagotan hausnartu dut maite eta lagun ditugun pertsonei behin hil eta gero egiten dizkiegula omenaldi edo eskertzak, intimoak zein kolektiboak. Eta hori oso garrantzitsua da, oso ona da, beharrezkoa esango nuke, behar den moduan agurtu eta ahal den heinean sentimendu hori edo horiek partekatzen ditugunok elkartuta egitea; baina zer hobe, bizirik gauden bitartean, albokoek ematen digutena -ona denean, jakina- baloratzea, eskertzea eta horrela jaso dugula eta gozatzen dugula transmititzea baino?

Guk, oraingoan, aurrez aurre ezinezkoa zaigunez eta gorputzak hala eskatuta, oroimen jaia egingo diogu eta elkartuko gara lagunok berak maite zuen moduan eta rantxera, joko, idatzi, garagardo, janari, berriketaldi, rock-and-roll, esaldi borobil eta bestelakoak lagun artean partekatzeko. Gora zu eta zure umorea! •