Garazi GOIA - @GaraziGoia
Idazlea
3 BEGIRADA:

Intentzioa ez da nahikoa

Arrakasta izan duten emakumeak ez dira bakarrik iritsi horra: aliatuak ezinbestekoak dira.
Arrakasta izan duten emakumeak ez dira bakarrik iritsi horra: aliatuak ezinbestekoak dira. (GAUR8)

Berrogei pertsona geunden bilera gela hartan eta ni nintzen emakume bakarra. «Begira ezazue zuen inguruan, zer nabaritzen duzue?», galdetu nien. «Enpresa honen etorkizuna definitzen ari gara, gizonen ideiekin, gizonentzat diseinatutako modelo batean». Berriro ere denboran atzera egiten nuen sentsazio gogaikarriak gain hartu ninduen.

Ondorengo egunean, saio bat moderatzen nuen New Yorken, nire lantokian ezarri dudan “Emakumeak lidergoan“ plataformaren testuinguruan. AEBetan ikus-entzunezkoen eremuan erreferentea den emakume bat nuen solaskide, Rebekah Dopp; bere ibilbide profesionalean hainbat traba gainditzeaz gain, emakumeen ahotsaren aztarna sakona uzten ari da eta hamaika arrakasta lortu ditu. Horrez gain, genero berdintasuna azaleratzeko erakunde bat sortu zuen, eta eragin handiko jendea bildu du horren inguruan: Gloria Steinem, Abby Wambach, Kimberlé Crenshaw eta beste batzuekin lan egin du, adibidez. “Ezinezkoa den horrek motibatuta” da enpresaren leloa. Miresgarria.

Bi gai landu genituen saioan: nola neurtzen dugu gure intentzioaren eragina eta konfiantzazko aliatuak edukitzearen garrantzia.

Kontakizun positibo batean oinarritutako saioak dira. Badakigu zein den arazoaren funtsa, badakigu emakumeak zergatik ez dauden zuzendaritza postuetan. Ez daukagu behin eta berriz hori eztabaidatu eta energia negatiboa sortzeko beharrik. Gauza bakarra eskatzen diet saiora etortzen direnei: han entzundakotik edo ikasitakotik gauza bat aplikatzeko egunerokoan. Intentzioa ez da nahikoa. Aldaketa bat behar dugu, aldaketa iraunkor bat. Hemendik urtebetera elkarrizketa beraren inguruan bildu ez gaitezen. Eskatzen dizkiedan urrats txiki horiek, egunero behin eta berriz egin beharreko horiek, denon kolektibotasunean ematen ari garen aldaketaren eroaleak dira.

Arrakastatsuak diren emakumeak ez dira beraien kabuz iritsi dauden lekuetara. Dopp-ek aholku zorrotza eman zigun denoi: ni beste emakume (eta gizon) batzuen laguntzaz iritsi naiz hona. ‘Aliatuak‘ edo ‘sponsor’-ak esaten zaie ingelesez. Ibilbidean zure alde apustu egingo duten horiek, alegia; zure izena zabalduko dutenak; erabakiak hartzen diren geletan zu ez egonda ere, zure izena aipatuko dutenak; zure ahultasun eta zaurgarritasuna erakusteko ateak irekiko dizkizuten horiek.

Bezperako bilerako hogei gizonezko saiora etortzera “behartu” nituen. Ez nien ezezkoa esateko aukera eman. Genero ezberdintasun arazoak emakumeen artean bakarrik eztabaidatuz ez ditugu-eta erantzunak aurkituko. Haietatik bi etorri zitzaizkidan saioren amaieran eta eskerrak eman zizkidaten: agidanez, orain ulertzen dute zer egin nahi dudan saio horietan eta lagungarria izan zela esan zidaten. Ezin ditut denak “bihurtu”, eta hori ere ez da nire helburua. Baina batzuengan sentsibilitatea uztartzea ezinbestekoa da. Hori zen egun hartan nik eman nuen urrats txikia. •