Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IKUSMIRA

Lokatzetan, herri bat

(Patxi BELZAIZ)

Bi lagun mahai batean mokadu bat egiten, egun euritsu batean. Bi lagun, lokatzez inguratuta, euskararen alde trago bat partekatzen. Bi lagun, euskararen erreskatean. Ez zait postal ederragorik okurritzen herri bat munduari erakusteko. Hemen, egun eguzkitsuetan eta hondar epeletan, lur lokaztuetan eta egun euritsuetan, bada hizkuntza txiki bat, taupada luzekoa eta ahots suabekoa, maite dutenek kulunkatzen dutena. Ikurrinak balio du burua euritik babesteko, haize freskoaren kolpea bizkarrean epeltzeko. Eguraldiak ez du mimatu aurten “Herri Urrats”. Bestelako zaintzak beharko ditu berriz ere euskarak Ipar Euskal Herriko lurretan. Peio Jorajuriak, Seaskako lehendakariak, ezin zuen hobeto adierazi: «Ikastolen eta euskararen garapena Ipar Euskal Herrian eguraldiaren arabera egiten da oraindik». Euskarak errekak eta ibaiak behar ditu, jarioa izateko, bizirik segitzeko. Toki askotan, ikastolak dira euskararen errioak.