Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Arimagabeak

Larunbat euritsu batez Irungo Pequeña Velocidad ezagutu nuen, Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikarrak elkartearen eta herri eragile gehiagoren lanari esker. Prentsaurrekora azaldu zen hedabide bakarra izan ginen, baina antolatzaileek, kexu agertu beharrean, mimoz egin zuten ekitaldia, denbora hartuz eta lekua sentitzeko aukera emanez.

Gipuzkoa osoan zutik dirauen kontzentrazio esparru bakarra ez eraisteko eta memoria gune bilakatzeko aldarria jasotzen duten txapak eta egutegiak kideen artean banatzen ari zirela, herritar batzuk atera ziren eraikina inguratzen duen hesitik, barrenean bizi diren katuei jana eman eta gero. Memoriaren defendatzaileek aitortu ziguten hagitz litekeena dela abandonatua dagoen eraikina bota eta ondoan plaka bat jartzea: “Hemen kontzentrazio esparru bat egon zen”. Grabatua gelditu zitzaidan Irungo Udalaren jokaera horren inguruan batek erran zidan esaldi bat: “Arima falta da”.

Gogora etortzen zaizkit Donostiako tren geltoki nagusiaren obretan goitik behera erortzen ikusi nituen zutabe arkitektoniko ederrak eta, nola ez, urpean itotako Itoitz eta Eugi bezala anputatutako herri gehiago. Zenbat horrelako, lekuek arima dutela ahanzten duten arimagabeen krimenak.

Irungo pasealeku nagusitik, Colonetik (zer erran pertsonaia honen arimaz...), hurbil dago Pequeña Velocidad, eta handik paseo bat eman nuen ekitaldia bukatutakoan. Haurrak ginela ia larunbatero kalean goiti eta beheiti ibiltzen ginen amaren eta izebaren eskutik, eta orduko komertzio eta dendak bilatzera jostatu nintzen. “Bakery” eta “patisserie” artean, ilusioa egin zidan batzuek eusten diotela ikusteak. Horietako batean sartu nintzen, txokolatea hartzera, eta ze bihotzeko ziztada komuneko azulejuak ere errekonozitzean, ze sentsazio gozoa! Mahai horiek, butakak, zerbitzariren bat ere ezagutu nuen, beren jantzi dotore horiekin. Galduta nengoela uste nuen, baina aurkitu nuen nire burua. Hori bai, txokolatea eta opila lehen baino puskaz agudoago irentsi nituen. •