Txotxongiloarena

Agure musugorri eta ahobero bat ikusi dut albistegietan, Biblia bat parean zeukala besoa jaso eta zin egiten. Zin, “Amerika” handi bihurtuko duela berriz; zin etorkinak bidali egingo dituela; zin urrezko aroa hastera doala. Eta txalo jo diote, oihu egin diote, bostekoak banatu ditu ezker-eskuin. Eta kalera atera naizenean, kezka sumatu dut jendearen aho eta begietan; «Zer egingo du»-ka hurbildu zaizkit, «edozertarako kapaz da hori» esanez hurrupatu du kafea aldamenekoak. Eta izutua nago ni ere, baina izua ez da etorriko denak eragina, jada gertatu denak baizik. Agindu duen hori egin dezan aukeratu dute. «Yankiak pitzatuta daude» esan dit aldameneko kafezaleak berriz. Pitzatuta bai, agian, baina ez Yankiak bakarrik.
Mundua zabala eta arrotza zela uste genuenean, lagunen artean hitz egiteko telefono-sistema sofistikatu bat jartzearekin egiten genuen amets. Hollywoodeko nerabe filmetako horietakoak: etxetik etxera soka bat luzatu eta plastikozko edalontzi zulatuak erantsi, bertatik hitz egiteko. Sekula ez genuen egin, baina elkarren telefono zenbakiak memoriaz ikasi genituen. Haridun telefonoak, etxe bakoitzean bat. «Aitor etxean al dago?» galdetuko genion bestaldekoari, «Amaia hor al da?». Telefono-ahora hitzak isuri, eta kable zuri mehe batek eramango zituen lagunen belarrietara. Kable mehe bat, maite genituenengana lotzen gintuena. Tarteka mendebala erotu egingo zen, eta kableari eusten zion egurrezko zutoina botako zuen. Eta inkomunikatuta, berriz ere konpondu arte.
Orain ere hitzak isurtzen ditugu telefono-ahoetan, baina ez dugu telefonoari eusten dion haririk ikusten. Aireak eramaten ditu. Edo patrikan gordeko ditugu bestela, mugikorrak abisuren bat bidali arte. Eta urtero eskolatik Tolosara egiten genuen txangoarekin akordatzen naiz ni; nola joaten ginen txotxongiloak ikustera. Nola mugitzen ziren, mamuak balira bezala, oihal artean. Niri ez zitzaizkidan gustatzen. Fikzio bat sinesteko ezinbestekoa omen da fikzio horri eusten dioten barne-arauak onartzea, sortzailearen eta hartzailearen arteko tratu moduko bat. Eta nik ezin nituen arau horiek onartu; panpina beharrean, atzeko sokak ikusten nituen nik, eta soka horiek mugitzen zituzten eskuak.
Eta halaxe, gaueko albistegian berriz ere agure musugorri eta ahoberoa azaldu zaidanean, atzeko hariak ikusi-uste izan dizkiot nik. Eta hari horien korapiloak, gauetan ezezkorik onartzen ez duen lagunarengana lotuta; korapiloak kalean afariak banatzearen kontra manifestatzen direnengana. Dena asmatua dago jada, jasotako ideietan egiten dute habia gureek. Mugikorrak dira gure telefonoak, baina kableetara lotutako etxeetan bizi gara oraindik. Nork mugitzen ditu mugitzen nauten hariak? •