Miren AZKARATE BADIOLA

Larrialditik indarraldira

Euskararen egoera larria hizpide da azken aldian, oldarraldi batez eta alarma gorriaz ari gara hizketan behin eta berriro. Hala da, bai, ez da gutxiagorako, datuei begiratzen badiegu behinik behin. Eta ez bakarrik datuei, egunerokoan bizi ditugun egoerei erreparatuta ere antzeko konklusioak aterako ditugu. Asko dira euskaldun orok egunero pairatzen ditugun gure hizkuntzarekiko erasoak, esango nuke zoritxarrez ohitu egin garela eta askotan erreakzionatzeak ere pereza ematen digula. Baina ni bereziki asaldatzen naiz haurrak tarteko badaude, eta hau da justu aurrekoan nire haurrarekin bizitu nuen egoera, oraindik ere sumintzen nauena.

Osasun zentro bat, pediatriako zatia, erradiografia bat egiteko zain: itxaron gelan beste ama bat haur txiki batekin eta ni nire haur zaharrenarekin. Datu moduan, Oiartzun eta Oreretako haurrak (zein helduak) artatzen dituen zentroa, bi herri euskaldun, eta bertako haurren portzentaje oso altu batek euskara hutsean egiten ditu bere ikasketak. Erizain gazte-gazte bat haurrari zuzentzen gaztelera hutsean, azalduz zer egingo zioten bakarka gela batean. Ni erizainari gazteleraz esanez haurrak ez zuela gazteleraz ulertzen eta ea pasa nintekeen haiekin itzulpen lanak egiteko, eta hara nire sorpresa, erizaina euskara polit batean haurrari zer egingo zioten azaltzen aditu nuen. Beste ama eta ni harri eta zur, “euskaraz daki ta!”, baina bigarren erizain bat ere atera zen nigana azalpen batzuk ematera, gazteleraz hau ere, eta haurra azaldu zenean, egin zioten erradiografia ikusi nahi nuen esateko, azken erizain hori ere euskara garbian hizketan hasi zitzaigun.

Ezin sinistu eta ezin jakin zer egin horrelako egoeren aurrean, argi dut euskararen osasuna txarra dela, ez bakarrik eraso eta oldarraldiagatik, baizik eta dakigunon utzikeriagatik. Euskarak milaka urte iraun ditu, gerrak, diktadurak eta denetariko egoerak tarteko. Dakigunok erabiltzen ez badugu, jai dugu! •