Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
INFRAGANTI

Beñat Olea, euskararen inguruko bideo batetik etorri zaio arrakasta Instagramen

Beñat Oleak (Legazpi, 1987) 121.000 jarraitzaile ditu Instagram sare sozialean. Euskararen inguruko bideo bat argitaratu zuen eta birala egin zen, ordura arte zituen jarraitzaileak biderkatuz. Gerora bideoak igotzen jarraitu du, bere arteaz bizitzeko ametsa baztertu gabe.

Beñat Olea Madrilera egindako bisita batean, bere komikiaren promozioan.
Beñat Olea Madrilera egindako bisita batean, bere komikiaren promozioan. (J.DANAE)

Gabonetako kuadrillako bazkarian elkar ikusi genuen azkenekoz, ez da hainbeste denbora pasatu, baina maite duzun norbait urrun bizi denean beti egiten da luze. Leioan ikasten ari ginenean elkarrekin bizi izan ginen, eta nahiz eta aurretik jada lagunak ginen, lau urte horiek erabakigarriak izan ziren gure harremana estutzeko. Kafe bat hartzeko gelditu naiz Beñatekin; Beñat Olea, gure Beñi. 10 urte dira Bartzelonara bizitzera joan zela, baina egutegian etxera, Legazpira, itzultzeko data batzuk ditu markatuta. Ez da kasua, elkarrizketa batzuk eskaintzera etorri baita Euskal Herrira, orain influencerra delako. Gaztetxo askoren ametsa den arren, bere kasuan kasualitate hutsa izan da, bere benetako ametsak betetzeko balio izan diona.

Izan ere, Oleak -serio jarriko naiz- Arte Ederrak ikasi zituen. Nola ez, marrazten pasatzen zuen egun osoa. Instagramen bi kontu zabaldu zituen; @btolea, pertsonala, eta @btoleaart, bere arteari eskainia. Pertsonalean argazki erotikoak igotzen hasi zen, arropa gutxirekin, modelo lanak egiten zituen, eta jarraitzaile pila bat hasi zitzaizkion iristen. Arteari eskainitako kontuan, hasieran ilustrazioak eta gustuko dituen pertsonaien bertsioak igotzen hasi zen, eta gero Eki pertsonaiaren inguruko komiki tirak. Bere argazkiek arrakasta lortzen zuten heinean, Ekik ere “like” gehiago erakartzen zituen. Azkenean, argitaletxe bat bere lanean fijatu zen, eta “Eki en las nubes” komiki liburua argitaratzea lortu zuen. Kolore biziak dituen LGTBIQ+ tematikako altxor txiki bat.

Sare sozialei begira, gustatu zitzaion “trend” bat ikusi zuen: hizkuntza desberdinetan gauzak nola esaten diren irakasten duten umorezko bideoak ziren, eta euskarazkorik ez zegoela konturatzerakoan, «ligatzeko esaldi bat» itzultzea erabaki zuen. Ligatzeko ez zen oso aproposa, baina, eta horrek sekulako efektua lortu zuen. Lehenik euskaraz esan zuen, eta euskaldunak ez direnek pentsatu zuten zerbait polita esaten ari zela. Itzulpena entzuterakoan, algara besterik ezin zuen sortu. Esaldi hura: «Arrautzak jango dizkizut». Birala egin zen.

Ordutik, astero mota horretako umorezko bideoak grabatzen hasi zen, gerora eduki serioago eta didaktikoago batera pasatuz. Egun, euskara ardatzean duten bideoak argitaratzen ditu eta, orokorrean, oso feedback ona ari da jasotzen. Bere arte kontuak jarraitzaile askoz gehiago ditu orain, baina benetako igoera bere kontu pertsonalean nabaritu da. Lehen bideo hura argitaratu eta egun gutxira, jarraitzaileak biderkatu zitzaizkion, eta egun 121.000 ditu.

«Niretzat influencer izatea ez da izan helburua, buruan nuen gogoeta bati irtenbidea emateko modua baizik. Badakit “Eki en las nubes” argitaletxe batekin ateratzea sare sozialetan nuen eraginagatik izan dela posible», esan du argi. Horrez gain, beste amets bat bete zaio, aktore izatearena. Urte hasieran “La desmesura” antzezlana estreinatu zuen Bartzelonan beste aktore batzuekin batera, apirilera arte larunbatero eskainiko dutena.

Euskararekiko erreakzioak

Olea asko harritzen du ikusteak Euskal Herritik kanpo zenbat jende dagoen euskara ikasten dabilena, edo behintzat interesa piztu zaiena. «Aurrekoan ama batek idatzi zidan esanez bere alabak eskolan Estatu espainoleko hizkuntza desberdinen inguruko lan bat egin behar zuela, eta euskararen inguruan zerbait oroitzea asko kostatzen zitzaiola. Nire bideoak ikusi eta gero, erabaki zuten astean behin euskarazko hitz bat ikastea».

Komikiko irudi bat. (Beñat OLEA)

Hasieran politikoki oso zuzenak ez ziren esaldiak itzultzen hasi zen, baina arrakasta izan arren, ez zuen bere edukia horretan zentratzea nahi. Hori dela eta, beste mota batzuetako bideoak lantzen hasi zen. «Interesgarriagoa egiten zait hitzen jatorria ezagutzea, adibidez, nik ere ikasten dudalako. Ez naiz aditu bat, baina beti interesatu izan zait hizkuntzen inguruan ikastea. Euskaraz izateaz gain, informazio horri balio kulturala eranstea ere gustatzen zait», aipatu digu.

Hasieran naturalki egiten zuen, baina orain agenda bat dauka. Esaldi bat itzultzeak ez dio denbora kentzen, baina etimologian sartzen hasten bada, ikerketa bat egin behar du eta gero hori laburtu eta modu eraginkorrean nola transmititu pentsatu.

Influencer izatearen argi-ilunak

Baina sare sozialetan dena ez da polita, eta psikologikoki gogorra izan daiteke kontrako mezuak jasotzea. Behin faxisten kontrako bideo bat argitaratu zuen, eta jasotako gorrotoaren ondorioz, beldurrez, ezabatu egin zuen bideoa. «Momentu horretan ez nuen jakin nola kudeatu. Bideo hori ezabatu dudan arren, berdin pentsatzen jarraitzen dut. Uste dut portaera batzuei ez zaiela sarbidea eman behar gure gizartean».

Mileiren inguruan gertatzen ari denak, adibidez, kezkatzen du, eta horren inguruko iritziak zabaldu izan ditu: «Borrokatu egin beharko dugu atzerapausoak ez emateko, baina espero dut haratago ez joatea. Lehen jende askok beldurra zuen eskuin muturreko ideiak zabaltzeko; orain galtzen ari dira eta diskurtso hori indartzen ari da. Batzuetan atzera egin behar da berriz indarrez aurrera egiteko».

Oleak uste du gizartea gero eta polarizatuagoa dagoela, eta horregatik, badaki bideo bat igotzen duen bakoitzean erantzun onak eta txarrak jasoko dituela. «Horiek blokeatu egiten ditut eta aurrera, garrantzi handiagoa ez ematen saiatzen naiz, baina nekagarria da. Badirudi zeure burua defendatzen ibili behar zarela norbaiti gustatzen ez zaion kultura baten parte zarelako», dio euskaltzaleak.

Olea, bere etxean, lagun edo familia artean, ez da konturatzen egiten duenak kanpoan duen eraginaz. Horretaz ohartzen da kalera ateratzen denean. Sorpresaz hartu zuen Bilboko jaietan jarraitzaileak argazkiak ateratzera gerturatu zitzaizkionean. «Pixka bat saturatzen hasi nintzen, jendea etengabe etortzen zelako. Bat ez da kontziente horrenbeste jendera iristen dela kalean horrelako errealitatea ikusten duen arte», kontatu digu.

Olea, komikia eskuetan duela. (J. DANAE)

Behin, Bartzelonako kaleetatik zihoala, bi neska argentinarrek gelditu zuten eta esan zioten «tu eres el de los videos de euskera», baina Oleak argi du bideoetan ikusten dena baino askoz gehiago dela. Izan ere, ezagutzen duten pertsonen jarreran ez du desberdintasunik nabaritu. Jendaurrean lotsati xamarra zen txikitan, eta, orain muga hori gainditzea lortu duen arren, ez da gehiegi aldatu. Ezagunen artean, berriz, beti izan da alaia, zaratatsua eta lagunkoia. «Bere garaian nire sexualitatea onartzen ez nuenez, kosta egin zitzaidan ni nor naizen jakitea, neure burua ezagutzea. Hori estali beharra sentitzen nuenez, oso isila nintzen», kontatu du.

Ikastolan jasan behar izan zuen giroa ere ez zen lagungarria izan, bullying egiten ziotelako. Nik ez nuen ulertzen zergatik, mutilik zoragarriena bazen. Zorionez, batzuk kontra izan arren, beti izan zituen lagun ugari alde. Egun ez du gaizki pasarazi ziotenenganako gorrotorik sentitzen. «Bullying garaian nik neure burua aztertzen nuen eta pozik nengoen nintzenarekin, eta gaur ere zoriontsua naiz naizen bezalakoa naizelako. Uste dut bakoitzak bere mugak eta gauza onak onartu behar dituela, eta horrekin bizitzen ikasi».

Lortutako arrakasta askoren helburua dela ikusita eta bere ametsa zein den galdetuta, guztiz argi du: «Artetik bizitzea eta, orain bezala, sortzen dudanarekin zoriontsu izaten jarraitzea eta disfrutatzea. Gustatzen ez zaidan zerbait egiten badut, horrek esan nahiko du nire bidea galdu dudala. Niri gustatzen zaidana da sormenaren inguruan aritzea, berdin zait bideo, ilustrazio edo antzezlan. Nire saltsan sentitzen naiz eta gustatzen zaidana egiten dut. Ez dakit bihar aspertuko naizen», azpimarratu du.

Momentuz, irailean beste antzezlan batean lanean hasiko da, eta, Patreon mikromezenazgo plataformaren bidez, Ekiren istorioekin jarraituko du, liburuaren bigarren ale bat egiteko desiratzen. «Jarraitzaile bakoitzak euro bat inbertituko balu, horretatik bizi ahalko nintzateke!», dio barrez, baina badaki egun jendearengana iristea oso zaila dela, eta horregatik pozik dago lortu duenarekin.