Emakumeen borrokak utzitako zazpi irudi esanguratsu
Martxoaren 8aren testuinguruan, Getty argazki agentziak emakumeen eskubideen aldeko borrokaren eta eskubideen aldeko emakume borrokalarien ehunka argazki jarri ditu eskuragarri bezeroen artean. Londresen sortutako konpainia izaki, hazkunde prozesua AEBetan bizi izan duena gerora, borroka horien ikuspegi erabat anglo-saxoia eskaintzen du. Baina begirada hori oso murritza suertatu daitekeela aldez aurretik onartuz, hainbat perla aurkitu ditugu zabaldu duten artxiboko dokumentu horietan. Esaerak dioen moduan, ez daude denak, baina daudenak badira. Hemen dituzue zazpi pilula.

> Indarrez elikatzen
Argazki hau 1909an ateratakoa da, eta sufragista bat ikus daiteke, Londresko Holloway Prison kartzelan; zunda baten bidez, sudurretik indarrez elikatzen ari dira. Asko izan ziren gose-greba egitea erabaki zuten sufragistak, gobernuak preso politiko moduan hartzen ez zituelako. Irudi honen antzekoak propaganda moduan zabaldu zituzten.
> Emily Davison
1913ko Epsom Derby zaldi lasterketetan, Emily Davison sufragista George V erregearen Anmer zaldiak jota hil zen. Davison publikoaren artetik ibilbidera irten eta zaldiaren bridei heltzen saiatu zen protesta moduan, baina animaliaren oinetan amaitu zuen larriki zaurituta. Bere heriotzak sekulako lurrikara sortu zuen eta jendetza bildu zen hiletan.
> Sylvia Pankhurst
Sylvia Pankhurst sufragista, gose-, egarri- eta lo-greba baten ostean, Londresko East End auzotik ateratzen dute kideek 1914ko ekainean. Osasunez oso ahul zeudenean aske uzten zituzten sufragistak, baina osatu bezain laster berriz atxilotzen eta kartzelatzen zituzten zigorrak betetzeko. 1928ra arte ez zen legeztatu emakumeen boto eskubidea.
> Tracy Sims
Tracy Sims, eskubide zibilen aldeko ekintzailea, beltzak onartzen ez zituen San Franciscoko Harbor Court hotelaren aurkako mobilizazioan. AEBetan 50eko eta 60ko hamarkadetan indartu zen segregazioaren eta arrazakeriaren aurkako borrokan funtsezkoak izan ziren emakumeak, Rosa Parks, Mary Antona Ebo, Coretta King edota Angela Davis, esaterako.
> Abortua legeztatzeko eskaera
Argazkia 1975ekoa da, Santa Fe hirian (Mexiko Berria) egina. Bertako State Capitol eraikinean abortua legeztatzearen aldeko eta aurkako mobilizazioek talka egiten zuten behin baino gehiagotan. Gezurra dirudi, baina 50 urte beranduago, abortua debekatzen duten legeak berreskuratzen ari dira hainbat estatutan. Oraindik pil-pilean dagoen borroka da.
> Misil nuklearren aurka
Poliziak emakume bat atxilo darama, lagunaren kexei entzungor eginez, Greenham Common aire-basean (Berkshire, Ingalaterra) misil nuklearren aurka eginiko protesta batean. 1983a zen, hiru urte falta ziren Txernobylgo hondamendirako, eta nuklearren gaia itzalean geratu dela dirudien arren, krisi ekosoziala borroka-zelai inportantea da.
> Palestina, eta beste hainbat
Emakume batek hildako haurtxo baten gorpua irudikatzen du, Palestinaren aldeko manifestazio batean, Londresen. Gauza jakina da edozein gerra testuingurutan emakumeak direla bortizkeria gehien sufritzen dutenak, zer esanik ez Israel Palestinan egiten ari den genozidioan. Ukraina, Kongo, Siria, Yemen... zoritxarrez, zerrenda luzea da, luzeegia.