Maddi AIESTARAN IPARRAGIRRE

Euskal Udalekuak

Bederatzi-hamar urte genituenean, eskolako lagun batzuen gurasoek, gureekin batera, kontatu ziguten haiek gaztetxoak zirenean ez-dakit-ze tokitara joaten zirela udan egun batzuk pasatzera. Euskal Herriko txoko diferenteetako jende pila bat elkartzen omen zen han. Haien adin bueltako lagun berriak egiten omen zituzten, Larraulgoak, Hazparnekoak, Aguraingoak, Lekunberrikoak. Guk ez genekien non zeuden herri haiek. Baina inbidiaz begiratzen genien ezagutzen ez genituen herrietako lagunak zituzten eskola-kideei; eta hortaz, guraso haiei, momentu hartan. Urte osoan zehar biltzen omen ziren han ezagututako jendearekin: udalekuetako lagunekin hasieran, proiektuko kideekin gero. Patio ordu batean, hamaiketakorako eramandako sagarrari hozka gehiago egin nahi ez geniolako baranda baten gainean igo-jaitsi jolasean genbiltzan hiru lagun aritu ginen guraso haiek kontatutakoaz hizketan. Inoiz udalekuetara joan ez diren bederatzi-hamar urteko herriko hiru lagunek imajinatu ditzaketen zera handienak, dibertigarrienak, izugarrienak imajinatu genituen. Arratsalde hartan, edo handik pare bat egunera, Euskal Udalekuetan apuntatu ginen hirurok batera.

Bernedon pasatu genituen hamar bat egun uda hartan. Txoko diferenteetako jende pila bat elkartu ginen, gure adin bueltako lagun berriak egin genituen, ezagutzen ez genituen herriak, euskalkiak, abestiak, jolasak, ideiak, moduak ezagutu genituen; aurrerantzean gertuagotik eta sakonago ezagutu ditugunak, udatik udazkenera eta udaberritik udara, Bernedotik Goñira eta Goñitik Abaigarrera.

Bereziak izan ziren Euskal Udalekuak guretzat, bederatzi-hamar urte genituenean; bereziak dira gaur. Horregatik nahi nuke baliatu toki hau, adierazteko zabal-zabalik ditugula ateak, leihoak, besoak, izen-emateak, hala udalekuetan nola proiektuan parte hartu nahi duenarentzat. •