Joxean Agirre

Politika eta umorea

Tarteka algararen bat eginez irakurri dut Slavoj Zizeken azken liburua, “Mis chistes, mi filosofía”. Ez da beste munduko lana, baina gairik sakonenak txiste absurdoen eta askotan arruntenen bidez ager daitezkeela frogatzeko balio du, esloveniarra mutila baita Lacan, Hegel edo Freuden ideia korapilatsuenak edo ekonomiaren edo politikaren zokorik ilunenak arintasunez argitzen, txisteak erabiltzen ez dituenean musikaren edo zinemaren historiatik edo telebistatik, oro har herri kulturatik, hartutako pasadizoak tartekatzen baititu.

Algaratxoak eginez Zizeken lana irakurtzen ari nintzen bitartean pentsatzen nuen filosoforik trinkoenak txisteen bidez esplikatzea posible baldin bada, zergatik ez ote duten gure politiko profesionalek umore pitin bat erabiliko gainean dugun hauteskunde kanpainan fiskalitateaz, mugikortasunaz, Euskal Bideaz edo estatutu berriaz esan behar dituztenak esateko eta, txisteak asmatzeko gai ez badira, zergatik ez duten gutxienez noizean behin kontakizunen bat tartekatuko, formularik sinpleenak erabiliz nahi bada, «gaur ohean emazteak esan dit…» edo «alabaren kuadrillako bati entzun diot esaten…», entzuleari arnasbidea emate aldera.

Umorerik gabe ezin dira literatura eta arte garaikidea ulertu. Piccaso karikatura da eta karikaturak dira Giacomettiren eskulturak. Karikatura dira Svevoren Zeno Contini, Becketten Godot edo Bretchen dramak eta Saizarbitoriaren pertsonaia handienak. Ez dakit zergatik politika bilakatu den horren zurruna eta solemnea, hain zurruna non Arraizek behingoz xake matearen txistea egin eta auzitara eraman nahi zuten.

Norbaitek pentsa dezake hegazkinean goazenean ez diogula pilotuari originala eta ziragarria izatea eskatzen, hegazkina zuzen samar eramaten jakitea baizik, eta, ondorioz, politiko bati ere zintzoa eta zuzena izatea exijitzen diogula, besterik ez.

Hori egia da, baina barrea gauza ederra da. Kunderak nobelari buruzko bere lanean «gizakiak pentsatu egiten du, Jainkoak barre», idatzi zuen. Otegik ere esan zuen irribarreari buruzko esaldi ilun samar bat berriki. Eta egia esan politikan irribarre batekin konforma gaitezke eta Denis Itxasok erraustegiari buruz esaten dituenak entzun edo Bidegiko auzian jeltzaleen mututasunaren aurrean niri bederen irribarrea zabaltzen zait.

Zizeken txiste batekin bukatu nahi nuen, baina gehienak luzeak dira. Norbaitek liburua eskura ikusten badu, irakurri dezala 121. orrian datorren XIV. mendeko mongoliar okupatzailearen eta errusiar nekazariaren artekoa. Zakar samara da liburuko asko bezala, baina ezkerraren zereginaz ondorio ezin interesgarriagoak ateratzeko balio du. •