Maite Ubiria
Baiona

Bozetako «porrota» gainditze aldera, «eraberritze prozesua» azkartuko du UMP64k

Estatu franteseseko azken hauteskundeetan izandako «porrot argia» gainditzeko bidean, «eraberritze prozesua» azkartuko duela adierazi du UMP64k.

Porrotaren tamaina ez dute ezkutatu UMP alderdiak Pirinio Atlantikoetako departamenduan duen idazkari nagusi, Max Brissonek, eta ‘Euskal Herriko barnealdea eta Piriniotako ibarrak’ ordezkatzen dituen Marc Oxibar idazkari albokoak. Azken honek laugarren hautesbarrutian lortutako «emaitza onak» goraipatu ditu Brissonek, 2014ko erronkari erantzuteko «UMPk Marc bezalako gehiago behar dituela» gaineratuz.

UMPk zituen bi deputatu galdu ostean, «alderdiaren eraberritze prozesuan sakontzeko beharra» berretsi du Brissonek. UMP64 federazioak iragan azaroan aldatu zuen bere zuzendaritza. Orotara 30 bat kidez osaturiko lan taldearen lehendakari gisa, ordea, deputatu postua galdu berri duen Michèle Alliot-Marie hautatu zuen.

Gaurko agerraldian, UMPk jaso zituen emaitza txarrak azaltzeko orduan, Estatu frantsesean nagusitu den «uhin arrosa» eta Sarkozyren aurkako sentimendua aipatu ditu, besteak beste, Brissonek. Horretaz gain, tokiko faktore batzuk agerian utzi nahi izan ditu: populazioaren aldaketa -«departamenduak duen erakargarritasunaren adierazle»- eta «botere lurrukeria». Alegia, postuari luzaroan atxikitzeko ohitura.

Jean Grenet eta Michèle Alliot-Marie aipatu ez baditu ere, bozka legegileek agertarazitako «aldaketari nahiari» erantzunez UMPk «gaitasun berezia duten militante berriak» xerkatzeko nahikeria agertu du Brissonek.

Departamenduko federazioak heldu den irailean abiatuko ditu UMPko kongresuari begirako lanak. Oxibarrek erran duenez, «eztabaida hori iritziak gurutzatzeko eta ez soilik pertsonalitateen arteko lehia bezala irudikatzen dugu». Edonola ere, Brissonek aurreratu duenez, «hedabideek goraipatutako» Coppe eta Fillonen arteko «lehiatik harago» hautagai gehiago azalduko dira.