NAIZ.INFO
DONOSTIA

Espetxe politika konponbidearen aurka erabiltzeari uzteko deia egin du ezker abertzaleak

Uribetxebarriaren askatasuna «berri pozgarria» dela esan du Maribi Ugarteburuk, baina PPren Gobernua «eskubide urraketan sakontzen» ari dela salatu du eta espetxe politika «konponbide prozesuaren aurkako tresna gisa» erabiltzeari uzteko eskatu dio Raxoiren Gobernuari. Lehen urrats gisa gaixorik dauden presoen kaleratzea eta preso politikoen herriratzea eskatu ditu.

Maribi Ugarteburuk ezker abertzalearen poza agertu du Espainiako Auzitegi Nazionalak Iosu Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna erabaki ostean; «eskubide urraketarik gabeko agertokia eraiki nahi dugun herritar eta eragileontzat, eskubide urraketa lazgarri baten amaiera delako», esan du.

Hala ere, PPri espetxe politika «konponbide prozesuaren aurkako tresna gisa» erabiltzeari uzteko eskatu dio eta horretarako «salbuespenezko neurri guztiak» bertan behera uzteko. Lehen urrats bezala gaixorik dauden presoen kaleratzea eta euskal preso politikoen herriratzea eskatu ditu ezker abertzaleko bozeramaleak.

Uribetxebarriaren kasuan Espainiako Gobernuak, «eta bere meneko estamentuek», harturiko erabakiek preso arrasatearraren bizitza «kinka larrian» utzi dutela salatu du eta «konponbide prozesua blokeatu asmoz» eskubide urraketan «tematzen» ari dela PP.