NAIZ.INFO
DONOSTIA

Laura Mintegi: «Dirua badago, ondo banatzea da falta dena»

Info7 irratian egindako elkarrizketan EH Bilduren lehentasuna enplegua sortzea izango dela esan du Laura Mintegi hautagaiak. Independentziaz EAJren zuzendaritzaren eta bere oinarrien artean dagoen ezberdintasuna azpimarratu du eta «nazioartean dagoen haize independentistak» eragitea espero duela.

Laura Mintegi, EH Bilduren Lehendakaritzarako hautagaia, larunbatean Donostian egin zuen ekitaldian. Jon URBE / ARGAZKI PRESS
Laura Mintegi, EH Bilduren Lehendakaritzarako hautagaia, larunbatean Donostian egin zuen ekitaldian. Jon URBE / ARGAZKI PRESS

Laura Mintegi EH Bilduren hautagaia izan dute Info7 irratian denboraldi berria abiatzeko lehen elkarrizketa saioan. Lakuako Gobernura iritsiz gero eremu ekonomikoan noraino heltzeko prest dauden galdetuta, Mintegik erantzun du «lehen helburua enplegua sortzea» izango dela, «bigarrena enplegua sortzea» eta «hirugarrena enplegua sortzea».

Dirua egon badagoela esan du Mintegik, «ondo banatzea» dela falta dena. Nondik hartuko lukeen ere hainbat adibide eman ditu. Lanaren banaketa aipatu du, Monpaseko pasarelarako 10 milioiak eta «inora ez doan abiadura handiko tren batean» urtero xahutzen diren 500 milioi euroak. Baita iruzur fiskalaren ondorioz galtzen dena edo dirutza handiak dituztenek ordaintzen ez dutena ere.

Diru guzti hori «zentzurik gabe» dagoen lekutik hartu eta «dagokion tokian» jartzeko beharra dagoela esan du.

«Haize independentistak EAJ animatzea espero dugu»

Atzoko alderdi egunean Eusko Alderdi Jeltzaleko presidenteak, Iñigo Urkulluk, esandakoez galdetuta esan du «aldiro gauza ezberdina» diotela dirudiela. Besteak beste, Eskozia, Flandria eta Kanada aipatuz «munduan zehar dagoen haize independentistak EAJ animatzea» espero duela esan du.

Mintegiren arabera alderdi jeltzalearen zuzendaritzaren ikuspegia ez da bere oinarri sozialaren berbera, oinarrietan «izpiritu independentista» dagoela uste du Mintegik.

Urriaren 21eko hauteskundeei begira baikor den galdetuta baietz esan du, «aldiko gehiago». Nazioarteko hedabideetan egin dizkioten elkarrizketan EH Bildu lehen indarra izan daitekeenaren «pertzepzioa» dutela esan du eta berak ere baduela.