Naiz.info
Gasteiz

Kontsulta legea eskatu du EH Bilduk, estatus politikoaz herritarrek erabaki dezaten

EH Bilduko eledun Laura Mintegik kontsulta lege bat bultzatzeko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, herritarrak izan daitezen EAEko estatus politikoaren inguruan erabakiko dutenak.

Mintegik Urkulluri leporatu dio bere hitzartzeetan eta aurkeztutako dokumentuetan kontsultaren inguruko legerik proposatu ez izana. EH Bilduko eledunak gogorarazi dio Lakuako Gobernuko egitarauaren helburuen artean ezarri zutela estatus politiko berri bat lortzea EAEn. Bere iritziz, aldaketa horrek herritarren babesa beharko luke.

Halako «erabaki garrantzitsu» baten inguruan herritarren erabakia kontutan hartuko duen formularik edo instrumenturik ez aurreikustea tamaldu du Mintegik. «Kontsulta lege bat izan beharko genuke», esan du.

Bere ustez, «subiranotasuna non dagoen eta nork erabakitzen duen» zehaztu behar da.

Herritarren iritzia nola bildu nahi duen galdetu dio Urkulluri, plebiszitu, erreferendum edo beste bideren bat erabilita.