NAIZ.INFO
GASTEIZ

Soria ministroak Garoñari buruzko azalpenak Arabako BBNNetan emateko eskatu du EH Bilduk

Euskal Herria Bilduk Jose Manuel Soria Industria ministro espainolaren agerraldia eskatu du, Arabako Biltzar Nagusietan Garoñako zentral nuklearrari buruzko azalpenak eman ditzan.

«Arabako ahaldun nagusiak eskatuko zuela iragarri zuen komunikabideen aurrean pasa den astean, baina ezer ez duela mugitu eta orain txosten teknikoak irakurtzearekin konformatzen dela ikusita» erabaki du EH Bilduk, Gorka Ortiz de Ginea bozeramaleak azaldu duenez.

Halaber, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiaren agerraldia eskatu du koalizioak. Agerraldiaren xedea da «Garoñak jarduera baimena luzatzeko aukera izango zuela iragarri ostean zeintzuk izan diren berak egindako harreman, kontaktu, bilera edo eskaerak».

EH Bilduren aburuz, Segurtasun Nuklearrerako Kontseilu espainolak hartutako erabakia «erabat onartezina» da, baina gogoratu dute azken hitza Industria Ministerioak duela.

«Horregatik behin eta berriro Alderdi Popularrari oro har, eta batez ere Araban duten buruzagiei exijitu die atzera botatzea eskaera hori», esan du Ortiz de Gineak.

«Eraso honen aurrean interes pribatu edo alderdikoiak alboratu eta Arabajko interesak defendatu» behar dituela Arabako Foru Aldundiak esan du EH Bilduk.

«Larrialdiko egoeran gaude eta horregatik azkar eta irmo erantzun behar dugu zentral nuklear hau itxi behar dela exijituz», gaineratu du Ortiz de Gineak.