NAIZ.INFO
BILBO

Bilboko Konpartsek jaietan izandako eraso sexista salatu dute

Bilboko Konpartsek jakinarazi dutenaren arabera gizon batek emakume bat jarraitu, iraindu, lurrera bota eta kolpatu egin du bart gauean. Inguruan zirenek gizonari aurre egin eta atxiki egin dute. Poliziak atxilotu du gero. Biharko elkarretaratzea deitu dute protesta modura.

Bilboko Aste Nagusian eraso sexista izan dela salatu du Bilboko konpartsen federakundeak. Emakume bati segika zebilen gizon batek honi iseka egin, lurrera bota eta kolpeka hasi zaio bart gauean. Bilboko Konpartsen kontakizunaren arabera, inguruan zirenek aurre egin diote gizonari eta atxikitzea lortu dute. Gero, Polizia deitu dute eta atxilotuta eraman dute gizonezkoa.

Erasoa salatzeko bihar 18.00etan kontzentrazioa izango da Arriaga plazan eta bertaratzeko deia egin dute konpartsek. Euren oharrean diote «jaia leku segurua eta erasoz askea» izatea nahi dutela eta ez dutela onartuko «edozein motako matxismo, sexismo, homofobia, lesbofobia edo arrazakeria jokaerarik». Gainera, azpimarratu nahi izan dute «emakumeek jaiaz eta espazio publikoaz gozatzeko eskubidea» dutela, «inork gogaitu barik».