NAIZ.INFO
DONOSTIA

EH Bilduren ustez, Igeldo herri bilakatzeko prozesua «demokrazia ariketa eredugarria» da

EH Bilduk Igeldoko herria zoriondu du, «urte luzetako ukazioaren ostean bere borondatea aurrera eraman ahal izan duelako». Herri bilakatzeko prozesua «demokrazia ariketa eredugarria» izan dela uste du. EAJri ere zuzendu zaio eta bide judiziala baztertzeko eskatu dio.

Ainhoa Beola eta Joxean Agirre, gaurko agerraldian. (EH BILDU)
Ainhoa Beola eta Joxean Agirre, gaurko agerraldian. (EH BILDU)

Joxean Agirrek eta Ainhoa Beolak, EH Bilduren izenean, Igeldoko herria zoriondu dute, «urte luzetako ukazioaren ostean bere borondatea aurrera eraman ahal izan duelako» eta herri bilakatzeko prozesuan «izan duten jarrera eraikitzaileagatik». Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera eta hartu dituen erabakiak ere zoriondu dituzte.

Koalizioaren iritziz, azken hilabeotan egin den prozesua «demokrazia ariketa eredugarria» izan da. Azaroaren 10eko herri kontsultan gehiengoak herri izatea erabaki zuela gogora ekarri dute Beolak eta Agirrek eta, horren ondotik, erakundeen «betebeharra erabaki hori gauzatzea» dela nabarmendu dute. «Igeldoko emaitzek ez dute zalantzarako izpirik uzten. Igeldoarrek udalerri izan nahi dute».

Emaitza horiek ikusita, EH Bilduk ez du ulertzen PP, PSE eta EAJk hartu duten «jarrera antidemokratikoa» eta herritarren erabakia errespeta dezatela eskatu die alderdi horiei.

EAJri enplazamendu «berezia» egin diote: «Aukera paregabea du herritarren erabaki ahalmenean sinisten duela frogatzeko. Teorikoki herritarren erabakien errespetatzearen aldekoa bada, EAJk ezin du igeldoarren erabaki nabarmen horren kontra egin».

Hiru alderdi horiek bihar Donostiako Udaleko osoko bilkuran aurkeztuko duten mozioa ere izan dute hizpide Beolak eta Agirrek. Horren helburua helegite judizialen bidez Igeldo herri izateko erabakia bertan behera gera dadin behin behineko neurriak eskatzea dela gogora ekarri dute eta hori egitea «herri borondatearen aurkako atentatu larria» dela salatu dute.

EAJri zuzendu zaizkio eta «Rajoy Kataluniarekin egiten ari den gauza bera» ezin duela egin ohartarazi diote. «Bere esku dago igeldoarren erabakia errespetatua izatea. EAJk aukeratu beharra du: PP eta PSErekin lerratuz inposizioari bide eman, edo igeldoarren erabakia errespetatu». Horrenbestez, bide judiziala baztertzeko eskatu diete jeltzaleei.