NAIZ.INFO
DONOSTIA

Sanmarkoko «obligazioen ordainketa» beren gain hartzeko eskatu die Itxasok igeldotarrei

Sanmarko Mankomunitateko presidente Denis Itxasok Igeldoko ordezkariei gaikako bilketako eta birziklatzeko zerbitzuak kontratatu behar dituzten eta Mankomunitatean udalerri gisa sartzea aurreikusten duten argitzeko eskatu die.

Denis Itxaso, gaurko agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Denis Itxaso, gaurko agerraldian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Denis Itxaso Sanmarko Mankomunitateko presidenteak agerraldia eskaini du, Igeldo Donostiatik bereizi dela-eta toki-erakunde berriaren «obligazioen ordainketa argitzeko. Mankomunitatearen zerbitzuak bertako kide guztiek ordaintzen dituztela nabarmendu eta Igeldok ezin duela «salbuespena izan» esan du.

«Banantzeko erabakiak hainbat obligazio dakartza eta obligazio horiek ez dira betetzen ari. Urtean 50.000 euro ordaindu beharko lituzke, gehi Sanmarkoko zabortegia zigilatzeak sortutako kostuak, bertako bizilagunek sortutako hondakinak hara eraman baitira azken hamarkadetan», adierazi du Itxasok. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak abenduaren 18an argitaratu zuen Igeldo udalerri izendatzen duen dekretua.

Itxasok zera eskatu die igeldotarren ordezkariei: argi dezatela gaikako bilketako eta birziklatzeko zerbitzuak kontratatu behar dituzten eta Mankomunitatean udalerri gisa sartzea aurreikusten duten. Horrekin batera, «Donostiaren zati zen aldetik, jasotzen zituen zerbitzuetatik zein hartuko dituen bere gain jakiteko, baita zer kontratazio‑erregimen izango duen eta egoera berriak zer obligazio ekonomiko ekarriko dizkion argitzeko ere» galdegin die.

Sanmarkoko lehendakariak zabortegia behin betiko zigilatzeak sortzen dituen gastuak «dagokien neurrian eta proportzioan» beren gain hartzeko eskatu die. «Igeldoko zaborrak zabortegi horretan bota dira hainbat urtetan, eta bidezkoa da hango gastuan Donostialdeko bizilagun guztien proportzio berean parte hartzea».

Itxasok jakinarazi du urtarriletik aurrera Donostiari «ohiko eta ez ohiko ekarpenak eguneratuko dizkiotela, errolda berriaren arabera». «Inork ez dezala espero Donostiari kobratuko dizkiogunik Igeldori ematen dizkiogun zerbitzuak», argi utzi nahi izan du.