NAIZ.INFO
IRUÑEA

Sakabanaketaren aurkako tanta erraldoia Iruñean eta antzeko hainbat ekimen herriz herri

Urtarrilaren 11n Bilbon itsasoa osatu nahi du Tantaz Tanta ekimenak eta bide horretan ugaritzen ari dira ekitaldiak herriz herri. Iruñeko Udal plazan izan da larunbateko nagusia, sakabanaketa salatu dute bereziki bertan bildu diren herritarrek eta Bilboko manifestaziora begira hainbat ekimen iragarri dituzte. Beste hainbat herritan ere deitu dituzte antzeko ekitaldiak.

Tanta erraldoia Iruñeko Udal plazan. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Tanta erraldoia Iruñeko Udal plazan. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Tanta erraldoia osatu dute herritarrek Iruñeko Udal plazan presoen sakabanaketaren aurka. Bilboko urtarrilaren 11ko mobilizazio erraldoia indartzeko bidean egindako ekimena izan da eta parte hartzaileetako askok euren eguneroko protesta eremuko aldarrikapenak ere eraman dituzte. Pentsio duinen alde diharduten pertsonak izan dira mobilizazioan, abortatzeko eskubidearen alde direnak, etxebiziza eskubidea defendatzen dutenak eta eskubide zibil eta politikoen aldekoak, besteak beste.

Parte hartzaileetako bik, Juanje Soriak gazteleraz eta Jone Galarzak euskaraz, egungo nafar agintariek konponbide prozesuarekiko duten jarrera salatu dute. Foru Gobernuak eta Iruñeko Udalak «sakabanaketaren apologia» egiten jarraitzen dutela salatu dute eta «Nafarroan abiatzen ari den aldaketa prozesuren baitan» lanerako deia egin diete indar politiko eta sozialei «giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde eginen duten Foru instituzioak izan ditzagun behingoz».

Orain dela mende laurden abian jarritako sakabanaketa politikak 16 hildako eta ehunka zauritu eragin dituela salatu dute eta «sufrimendua, istripuak eta zigorra» besterik ez dituela ekarri. Urtarrilaren 11n Bilbon «ideologia eta interes partikular oro alde batera utzita» sakabanaketaren aurkako «itsaso zabal» bat osatzera deitu dute.

Ekimen ugari Bilboko zitaren aurretik

Datorren asteko mobilizaio handiaren aurretik ekitaldi ugari antolatu dituzte Iruñean. Gaurko ekimenean iragarri dute ‘Tantaz tanta astea’ izango dela datorren aste osoan eta dokumentalak eskainiko dituztlea.

Bilbokoaren bezperan, hilaren 10ean, manifestazioa egingo dutela iragarri dute goizeko ekimenean. Xabier Sagardoy eta Luis Goñi barañaindar presoen sakabanaketaren aurka deitu dute mobilizazio hori. Arratsaldean, ordea, Sagardoy behintzat sakabanatu egin dutela jakinarazi dute ingurukoek. Plaza Berri agerkariak zabaldu duenaren arabera, 16.00ak aldean telefonoz deitu dituzte Sagardoyren senideak Iruñeko espetxetik, ordu erdi beranduago zuten bisitara ez joateko esanez, gazte barañaindarra espetxez mugitu omen dutelako. Senideek ez dakite nora eraman duten Sagardoy eta Goñi bera ere mugitu ote dutenaren susmoa dute.

Ekimen gehiago herriz herri

Iruñekoaz gain hainbat herritan ere antolatu dituzte asteburu honetarako Bilboko manifestaziora begirako ekitaldiak. Horren erakusle da, adibidez, euskaraz Twitterren gehien erabilitako traolen mapa:

Zarautzen ere tanta erraldoia egin dute eguerdian. Gainera, gaur egin dute publiko azken egunetan hainbat herritarrek ekimenari babesa adieraziz grabatutako mezuak. Hona hemen bideoa:

Hauetaz gain beste ekimen ugari ere antolatu dituzte astebururako, larunb iluntzerako, adibidez, ekitaldia deitu dute Hernaniko frontoian (19.30). Herriz herri egiten ari diren jardueren berri Tantaz Tanta ekimenak berak jasotzen ditu bere webgunean.