Munduko rider onenen abilezia ikusteko aukera Bilbon
Elektrikaria lanbidez, Jorge Crespo santurtziarrak ez zuen sekula pentsatu kirol batek hainbeste lotuko zuenik. «Zintan nagoenean, kontzentratuta nago eta lasaitasuna ematen dit. Ez nuen inoiz pentsatuko pertsonalki kirol bati esker hainbesteko garapena izango nuenik eta hainbeste toki eta pertsona ezagutuko nituenik. Fisikoki ere askoz indartsuago sentitzen naiz», kontatu du.
Duela lau urte deskubritu zuen zinta laua. «Josu [Perez] Expo Natur azokan ikusi nuen, erakustaldia egiten. Dibertigarria izan zitekeela pentsatu nuen», esan du. Pentsatu eta ekin, zinta erosi eta ordudanik ez du utzi. Trickline-a egiten du gehienbat, nahiz altueran ere aritzen den.
Josu Perez eta Jorge Crespo dira Flow Balance (centrogravedad.wix.com/ flowbalance) elkartearen bultzatzaileak. Bilbo ingurukoei jarduera hau irakasteaz gain –astearteetan eta ostegunetan tailer irekia egiten dute, doan, Zorrotzako gaztetxean– gure mugetatik kanpo punta-puntan ari diren riderrak Euskal Herrira gonbidatzen dituzte. Helburu horrekin antolatu zuten, iazko abenduan, Bilboko I. Irekia. Makina bat herritar hurbildu zen Euskalduna zubiaren azpira, besteak beste Felix Carrera (AEB), Benni Smichtd (Alemania) eta Gabriel Agio da Silva (Brasil) riderren abilezia ikustera.
Lan handia eskatu zien lehenengo txapelketa antolatzeak, baina lortutako arrakasta ikusita, aurten Munduko Txapelketa antolatzeko asmotan dira. «Erantzuna oso ona izan zen. Munduko bost onenak gonbidatu genituen. Gure elkartean, estatuko rider gehienekin dugu harremana, eta horrek lagundu egin zigun».
Jarduera hau ezezaguna da gure artean. «Agian askok lortu ezinezkotzat jotzen dutelako. Eskalada egitea proposatu zidatenean, niri ere gauza bera gertatu zitzaidan. Ikastaroa egin nuen eta gaur egun joaten naiz eskalatzera. Super-heroien gauza iruditzen zitzaidan, egia esan. Slackline-arekin gauza bera gertatzen da. Norberak erabakitzen du zein arrisku maila nahi duen», esan du.
Slackline-a etengabe garatzen ari da. «Materialak gero eta arinago eta indartsuagoak dira. Trukoak ere etengabe hobetzen ari dira. Aste batean batek itzulipurdi bat ematen du eta hurrengo astean beste bat bi eginez dator. Ez dago erritmo hori jarraitzerik!», adierazi du.
Arrakastaren gakoaz galdetuta, zera dio: «Kontzentrazioa eta esfortzua eskatzen ditu, baina ahalegin horren saria ekilibristaren gisara ibiltzea da, eta denok egin dugu inoiz amets horrekin».
Zintaren gainean jarri zen lehenengo eguna ez zaio ahaztu. «Ezin izan nuen zutik ere jarri! Zinta alde guztietara mugitzen zen, baina gero materialekiko konfiantza hartzen duzu, seguru sentitzen zara, eta ez duzu pentsatzen non gauden. Horren kontziente zara, baina gure buruak ez du arrisku gisa ikusten. Erlaxatu eta ikasitakoaz gogoratu behar duzu. Batzuetan hori da arazoa, urduritasunaren ondorioz ez zarela gogoratzen. Gelditu eta ‘badakit hau egiten’ pentsatzea da gakoa», esan du.
Elkartean 31 kide dira, hasi 18 urtetik eta 50 urtera arte. Gehienak bizkaikoak dira. Flow Balance elkartea Munduko Slackline Federazioko kidea da. «Horri esker, lehiaketa ofizialen batean parte hartuz gero, dagozkigun puntuak eskuratzen ditugu. Bi txapelketatan egon gara. Badaukagu punturen bat rankingean, baina egia esan mutilak oso indartsu datoz. 18-20 urteko gazteek sekulako gauzak egiten dituzte! Lagun berriak egin eta muntatzeko modu eta mugimendu berriak ezagutzea da gure asmoa, baita ikasi eta irakasteko era berriak ezagutzea ere», argitu du.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

