@GARA_rpascual
BILBO

Martxoak 1.454 langabe gehiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 230.572 lagun zeuden martxoaren bukaeran enplegu bulegoetan izena emanda, otsailean baino 1.454 gehiago. Nafarroan soilik egin du behera martxoan langabezia erregistratuaren tasak (%1,24).

Gizon bat, Lanbideren bulego batera sartzen, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Gizon bat, Lanbideren bulego batera sartzen, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerio espainiarrak emandako datuen arabera, martxoaren bukaeran aurreko hilabetean baino 1.454 lagun gehiago zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan. Orotara, 230.572 langabe daude erregistratuta lau herrialdeotan. 

Langabezia erregistratuaren tasak Nafarroan bakarrik jaitsi zen. Martxoaren amaieran, 52.424 lagun ari ziren enplegu bila herrialde honetan, aurreko hilabetean baino 658 gutxiago (%1,24). Iaztik, nabarmen egin behera tasa honek, %7,19 hain zuzen (4.062 lagun).

EAEri dagokionez, martxoan %1,20 egin zuen gora langabezia erregistratuaren tasak, otsailean 2.112 lagun gehiago baitzeuden enplegu bulegoetan izena emanda. Iazko datuekin alderatuta, aldiz, jaitsiera xumea izan du tasa honek (1.193 lagun, %0,67).

Herrialdeka, Araban igo zen gehien langabezia erregistratua, 737 lagunek eman baitzuten izena enplegu bulegoetan (%2,63). Guztira, 28.777 lagun ari ziren lan bila herrialde horretan.

Bizkaian, %0,95 igo zen tasa (935 pertsona), aurreko hilabetearekin alderatuta. Orotara, 99.779 bizkaitar zeuden enplegu bulegoetan izena emanda.

Gipuzkoan, aldiz, igoera %0,90ekoa izan zen (440 lagun). 49.592 pertsona zeuden guztira enplegu bulegoetan izena emanda.

Estatu espainolari dagokionez, martxoan %0,35 jaitsi zen langabezia erregistratuaren tasa (16.620 lagun). Guztira, 4,79 milioi zeuden martxoaren amaieran Estatuko enplegu bulegoetan izena emanda.