NAIZ
Donostia

Herritarren laguntza eskatu dute Piratek ekaitzaren 90.000 eurotik gorako kalteari aurre egiteko

90.000 eurotik gorako kaltea eragin du bart gaueko ekaitzak Donostiako Piraten La Flamenka gunean. Kalteei aurre egiteko laguntza eskaria egin dute eguerdian. Kaltea handia izan da baina ekaitza hastearekin bat gunea husteko erabakia azkar hartu zutela nabarmendu dute eta «garrantzitsuena, inork ez duela minik hartu».

La Flamenka gunean izan dira kalteak gauean. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
La Flamenka gunean izan dira kalteak gauean. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

«Pena da, mugimendua geroz eta anitzagoa dugun honetan, geroz eta osoagoa den honetan, balioen lanketa geroz eta indartsuagoa den honetan, gau txar baten erruz kolokan geratzea», eguerdian bart gaueko ekaitzaren kalteen balorazioa egin ostean Donostiako Piratek plazaratu duten hausnarketa da. Izan ere, goizaldeko ekaitzak 90.000 eurotik gorako kaltea eragin du Piraten azpiegituran eta «jai herrikoien proiektua oso oso ukitua» geratu dela adierazi dute.

Kalteei diruz (3035 0149 45 1490027294 kontu korrontea egin dute publiko lagundu nahi duenarenzat) eta ekimenez egingo diete aurre Piratek. Aste Nagusia amaitu aurretik programazioan zehaztu ez zituzten ekimen berriak lotzekotan dabiltzala iragarri dute eta herritarrei mugimenduaren parte izateko deia egin diete La Flamenka gunera, Kantina Piratara eta Nautiko inguruko gunera joanda. Denen artean «edozer dugula posible» erakusteko momentua dela adiearzi dute «pena handia» izango litzatekeelako «Donostia abordatzeari utzi behar izatea gau oker baten erruz».

Segurtasun plan eraginkorra

Bart gauekoa neurtzean pozerako tarterik ere izan dute, ordea. Izan ere, ekaitza hasi eta berehala La Flamenka gunea hustea erabaki zuten Piratek. 3.000 bat lagun ziren orduan Esne Beltza taldearen emanaldia hasteko prest. Piratek peto horiak jarri eta kaia hustu zuten; suhiltzaileak eta ertzainak joaterako gunea jendez libre zegoen. Nabarmendu dute «garrantzitsuena inork ez duela minik hartu» izan dela. Piraten deiak berehalako erantzuna sortu du Twitterren, herritarren babes mezuarekin: