GARA
PARIS

Haserrea frantses Estatuan, alkate batek ume ijito bat ehorztea galarazi ondoren

Parisetik gertu dagoen Champlan herriko alkate kontserbadorearen esanetan, «leku gutxi dugu erabilgarri» eta «zergak ordaintzen dituztenek dute lehentasuna». Lehen ministroak haserrea adierazi du.

Christian Leclerc Champlaneko alkateak Errumaniako familia bati ume hil berria ehorztea galarazi izanak hautsak harrotu ditu frantses Estatuan. Manuel Valls lehen ministroak berak ere aipatu du gertakaria. Twitter sare sozialean duen kontuan, agintariak Leclerc alkateak hartutako erabakia izan du hizpide «ume baten ehorzketa jatorriagatik ukatzea bere memoria, eta Frantzia ere bai, iraintzea» omen delako.

Umea urrian jaio eta abenduaren 25eko gauean zendu zen. «Bat-bateko heriotza» izan zela esan zuten medikuek.

Ileana amak ez du ulertzen alkatearen jarrera. «Guretzako ez dugu ezer eskatzen. Udalari ez diogu gu hartzeko eskatu ere. Gure umetxoa ehortzi baino ez dugu nahi, zerura joango da-eta», adierazi zion «Le Parisien» egunkariari ia frantsesez egiten ez duen 35 urteko emakumeak.

Errumaniako beste 30en bat familia ijitorekin batera (80 pertsona inguru), Champlan herriaren kanpoaldean bizi dira, Orly aireportutik gertu. Bertan kokatu zuten kanpalekua orain urtebete inguru. Ez dute ez edateko moduko urik, ez argindarrik ez zabor bilketa zerbitzurik ere. Erakunde erlijioso baten egoitzan erroldatuta daude, udal agintariek ez baitute ijitorik erregistratu nahi.

«Le Parisien» egunkariari Leclercek esan zion erabakia erabat justifikatuta dagoela: «Leku gutxi dugu erabilgarri» eta «zergak ordaintzen dituztenek dute lehentasuna».

Erakunde batzuek Maria Francesca txikiaren ehorzketa ordaintzeko prest zeudela esan bazuten ere, alkateak bereari eutsi zion.

Bi egun isil-isilik egin ondoren, Christian Leclercek atzo hitz egin zuen BFM TV katearekin. «Desinformazio» asko dagoela gaiaren inguruan, berak ez duela inoiz umea udalerriko kanposantuan ehorzteko aukera ukatu eta berak esandakoak udal langileek gaizki ulertuko zituztela esan zuen alkateak.

Leclercen adierazpenek ez dute ezer lortu eta haserrea adierazi dute eragile askok. Jacques Toubon Frantziako Eskubideen Defendatzaileak gaiaren inguruko ikerketa bat jar dezake abian.

Umea Wissous herrian ehortziko dute gaur bertan, hau da, Champlanetik zazpi kilometrora. Richard Trinquier bertako alkatea ere kontserbadorea da, baina ez du bat egiten Leclercekin: «Familia horri gertatu zaiona ez da onartzeko modukoa. Ez da humanoa».

Wissousko alkateak erantsi zuen Maria Francescaren gurasoek nahiko sufrimendu badutela umea galtzearekin eta orain ehorzketaren inguruko drama eranstea izugarria dela.

Richard Trinquierrek ezagutzen zuen Ileana, orain urtebete etorri baitzitzaion bere kontsultara (medikua da). «Kasuaren berri izan nuenean, ez nuen zalantzarik egin: umea Wissousko kanposantuan onartzea».

«Gutxiesgarria»

«Ekintza gutxiesgarria da alkateak egin duena. Ume jaio berria ehorzteko lur zati bat ezin da ukatu. Ez dugu inoiz horrelakorik ikusi!», esan zuen Eve Desjardins ekologistak.