joseangel.oria@gaur8.info

Iheslariak Europara bidean

Turkiatik Greziara itsasotik, eta gero Mazedonia, Serbia eta Hungaria, Austriara iritsi aurretik. Bide hori aste honetan itxi diete Ekialde Hurbiletik ihes egiten ari direnei, eta orain Serbiatik Kroazia eta Esloveniara joan beharra dute, Europar Batasuneko agintariek beste «premiazko» bilera bat iragartzen duten bitartean.

Kroaziako agintariek ostegunean adierazi zutenez, 24 orduko epean 6.500 iheslari iritsi zitzaizkien Serbiatik, Austria eta Alemaniara joan nahian. Ranko Ostojic Barne ministroak alde batetik esan zuen pasabide seguruak prestatu dituztela iheslariak Zagreb hiriburura joan daitezen, baina erantsi zuen ez dutela onartuko pertsona horiek Eslovenia aldera joatea.

Aldi berean, gerra atzean utzi nahi duten ehunka lagun hartzen dituen Zagrebeko hotel bateko leihoetatik, «askatasuna» oihukatzen zuten, balkoietatik paper-biribilkia botatzen zuten bitartean. Jasaten ari diren injustizia salatu nahi zuten. Beraiek Kroaziako agintarien jarrera zuten jomugan, egun batzuk lehenago beste iheslari askok Hungariakoena salatzen zuten moduan.

Europar Batasuna zer egin ez dakiela dabil. Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren jarrera aldaketak izan daitezke Bruselaren ezintasunaren ispilurik argigarriena: orain aste batzuk eskuzabaltasuna agindu zien iheslariei, eta bazirudien herrialdea iristen ziren pertsona guztiak hartzeko prest zegoela, eta gero mugetan kontrolak ezartzeko agindu zuen, Ekialde Hurbiletik abiatu eta Berlingo bidean diren pertsona guztiak eta beste herrialdeetako agintariak nahastu eta zer egin ez dakitela utziz.

Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak datorren asteazkenerako iragarri zuen beste goi bilera bat, «premiazkoa», egungo krisia hasi zenetik egin diren beste guztiak bezalaxe.

Baina estatuetako ordezkariak ados jarri ezinik dabiltza, eta inor ez luke harrituko asteazkeneko bilera hori ere joan den astelehenekoa bezalaxe bukatzeak, hau da, ezer adostu gabe, asilo politikoa eskatzeko eskubidea duten milaka pertsona horiei tratu duinagoa ematea ahalbidetuko luketen neurriak hartu gabe, alegia.

Agintarien zalantza horien biktima nagusiak iheslariak dira, jakina. Beren bizitza arriskuan ipintzea erabaki zuten, gerra eta txikizioa atzean uzteko, baina kasu askotan bidean ez aurrera ez atzera geratu dira.

Horixe gertatu zitzaion Kurdistango Kobane hiriko Mustafari. Hungariako Roszkeko kanpaleku batean sartu zuten, burdinazko hesiz inguratuta. «Hau Guantanamo da», esan zien hesiaren beste aldean zeuden kazetariei hilaren 11n. «Abereak ere gu baino hobeto tratatzen dituzte», erantsi zuen. Jasotako «laguntza medikua» ez zela egokia eta oso janari gutxi ematen zietela salatu zuen: «Ume bati emateko ere oso gutxi da».

Austriako boluntario batek grabatutako bideo bati esker jakin ahal izan dugu Mustafari ez zitzaiola arrazoirik falta. Hungariako Poliziak janariak zeramatzaten poltsak banatu zituen eskorga baten laguntzarekin. Zerriei botatzen zaien bezala bota zieten iheslariei ere, hotza eta euria nagusi ziren egun batean.

Handik egun batzuetara sekulako nahaste-borrastea zuten Roszkeko kanpalekuan. Alemaniak mugetan kontrolak ezartzea erabaki zuela entzun zuten NBEko langileek eta iheslariei zer esan ez zekiten.

«Ez dut Hungarian geratu nahi. Poliziak harrapatu eta hatz-markak hartzen badizkidate, hona itzuli beharko al dugu?», galdetzen zuen Yusuf 20 urteko siriarrak.

«Inork ez du nahi zuek hemen geratzea», erantzun zion Nazio Batuetako langileak. Baina ez berak ez beste inork ez zekien zer arraio egin beharko zuten gerrak izututako gizaki horiek.

Hungariak hesi bat eraiki du Serbiako mugan, eta gauza bera egin nahi da Errumaniakoan. Horrelako gertaeren aurrean, telefono mugikorra da iheslarien lagunik onena. Etapa bat gainditu ondoren egiten duten lehen gauza telefonoa hartu eta argazkia ateratzea izaten da, etxekoei berehala jakinarazteko non dauden. Aldi berean, beste iheslariek behar duten informazioa eskaintzen dute sare sozialetan.