
Gasteizko Legebiltzarrak EAJ, EH Bildu eta PSEk hitzartutako erdibideko zuzenketa onartu du, euskararen ezagutza era ofizialean egiaztatzeko sistemaren inguruan. PSEren legez besteko proposamena zen jatorrizko testua.
Horren arabera, Parlamentuak eskatu dio Lakuako Gobernuari lau hilabeteko epean Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak «analiza ditzala euskararen ezagutzaren egiaztapen ofizialeko proben –EGA eta beste batzuen– orientabidea eta gaur egungo edukiak, balora ditzala horien emaitzak eta azter ditzala horien arrazoiak».
Horretarako, esparru anitzetako adituei entzutea galdegiten du onartutako zuzenketak.
Baliokidetzen Jarraipen Batzordeak «egoki deritzan hobekuntzak» proposatzea planteatzen du ekimenak, «bai proba horiek euskal errealitate soziolinguistikora eta bete beharreko zereginetara etengabe egokitzen direla ziurtatzeko, bai euskararen erabilpen soziala heda dadin mesedetzeko».
Isabel Celaa PSEko ordezkariak esan duenez, azken urteotan EGA egiten duten pertsonen %25ek bakarrik gainditzen dute azterketa hori, eta horregatik «ebaluazio serio eta sakona» egin behar dela defendatu du.
EAJko Garbiñe Mendizabalek adierazi du Lakuako Gobernua lanean ari dela proba horien emaitzak hobetzeko eta erantsi du hizkuntza politikaren helburua ez dela tituluak lortzea, baizik eta «herritarrek euskara ikasi eta erabiltzea».
Xabier Isasiren (EH Bildu) iritziz, hizkuntza normalizazioaren benetako arazoa ez dira «EGA eta emaitzak», eta euskarak iraun dezan hizkuntza honen eta gaztelaniaren arteko «asimetria» murriztu behar da.
PPko Iñaki Oyarzabalek euskararen ezagutza egiaztatzeko proben «emaitzen porrot maila» ezin da ulertu eta arrazoiak ezagutzea «premiazkoa» da.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du Miribillan bildutako euskararen komunitateak
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia
