NAIZ
DONOSTIA

Kortxoenearen eraistea salatzeko egun osoko mobilizazioa deitu dute larunbaterako Donostian

Larunbatean, hilak 7, manifestazioa eginen dute Donostian Kortxoenea gaztetxearen eraistea salatzeko. 17.00etan abiatuko da mobilizazioa, baina egun osoko planteamendua antolatu dute.

Kortxoenea gaztetxeko kideek prentsaurrekoa eman dute Donostian. (@gara_miantzi)
Kortxoenea gaztetxeko kideek prentsaurrekoa eman dute Donostian. (@gara_miantzi)

Kortxoenearen eraistea salatuko dute larunbatean Donostian. 17.00etan manifestazio bat abiatuko da Bulebarretik, baina mobilizazioa egun osokoa izanen dela iragarri dute.

Gipuzkoar hiriburuan, atzo botatako eraikinaren ondoan, eman duten prentsaurrekoan, huste eta eraistearen prozesua azaldu dute, eta enpresa pribatu bateko langileek izan zuten «jarrera bortitza» salatu dute: «Eraikinaren jabeek bidalitako 10 mertzenarioak oso modu bortitzean barruan lo ziren lagunak kanporatu zituzte», adierazi dute. «Ez ziren poliziak izan hori egin zutenak, berriro diogu, hustea era ilegalean egiteko jabeek kontratatutako sikarioak baizik». Mahai gainean, gazte batek buruan jasotako kolpeen ondorioz egindako zauria erakusten duen argazki bat jarri dute.

Zemoriara begira

Aurrez publiko egin duten bezala, ekainean hutsik geldituko den Zemoria kaleko 20. zenbakiko eraikinaren kudeaketara begira parte-hartze prozesu bat proposatu zioten azken bilkuran Udalari. Prozesu hori eraikina auzoari zabaltzeko aukera ezin hobea dela uste dute, eta «aurrera egiteko prest» agertu dira.

Eraikinetik harago Kortxoenea proiektua dela berretsi eta Donostia koloreztatzen jarraituko dutela azaldu dute. «Jai daukate halako proiektu bat lau horma birrinduz geldituko dutela uste badute, eta bai, erantzutera goaz», aldarrikatu dute.

Horregatik, larunbatera bitarte, egunero, 17.00etan Katalunia plazan biltzera animatu dute jendartea, asanblada eta propaganda ekimenetan parte hartzeko.