NAIZ
BAIONA

Larriki gaixo dagoen Lorentxa Guimon aske uzteko eskatu du Jean-Jacques Lasserrek

Kontseilu Nagusiko presidente eta Pirinio Atlantikoetako senatari den Jean-Jacques Lasserrek Lorentxa Guimon euskal presoa aske utz dezatela eskatu du, haren osasun egoera larria dela-eta. Afera honen berri Manuel Valls lehen ministroari emateko konpromisoa ere agertu du Lasserrek.

Jean-Jacques Lasserre, artxiboko irudi batean. (Sylvain SENCRISTO)
Jean-Jacques Lasserre, artxiboko irudi batean. (Sylvain SENCRISTO)

Larriki gaixo dagoen Lorentxa Guimon aske uzteko beharraren berri Manuel Valls lehen ministro frantsesari emateko engaiamendua adierazi du Jean-Jacques Lasserre zentristak, Mediabask-ek jakinarazi duenez.

Preso angeluarrak Crohn eritasuna du 1991az geroztik eta 2014tik bere osasun egoerak okerrera egin du.

Azaroaren 24an zigorrak betearazteko epaitegiak Guimonen baldintzapeko askatasuna onartu zuen baina erabakia jakin orduko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen eta kaleratzea geldiarazi zuen. Urtarrilaren 14an aztertuko dute berriro auzia eta.

Angeluarraren egoerak, ordea, okerrera egin du eta abenduaren 14an Renneseko ospitalean ingresatu zuten; hilaren 29an, ordea, atzea espetxera bidali zuten.

Kontseilu Nagusiko presidentearen aburuz, «onartezina» izango litzateke Guimon espetxean mantentzea eta gaineratu du «premiazkoa» dela preso angeluarra aske uztea.

Horrez gain, euskal presoak Euskal Herriratzearen beharra ere azpimarratu du Lasserrek.