GARA
ARRASATE

Txikiteroen festaren 40. urteurrena ospatuko dute Maritxu Kajoirekin

Txikitero kuadrilla batek sortu zuen parodia gisako jai hau duela 40 urte. Ordutik, Maritxu Kajoik mirari ugari egin ditu Arrasaten. Beste behin, «eskapulaixua» lepoan eta dotore jantzita aterako dira kalera Debagoieneko bizilagun asko eta asko gaur goizetik.

Maritxu Kajoi festa urriko lehenengo ostiralean ospatzen dute urtero, eta normalean Oñatiko jaiekin batera izan ohi denez, Arrasatetik gertu dagoen herri horretako bizilagun asko ez omen dira ospakizun dotorera hurbiltzen. Zazpi urtetik behin, ordea, ez du kointziditzen, eta aurten horixe gertatu da. Horregatik, arrasatearrak gogoan izan dituzte seguruenik ondo pasatzera bertaratuko diren oñatiarrak, eta euren egitarauan –txantxaz betea– aipamen bat egin diete «Oñexit»-ari jarraituz Oñatitik iritsiko diren «errefuxiatuei».

40 urte pasatu dira txikitero kuadrilla batek Arrasateko ama birjina txiki hura «babesle» moduan hartu eta Maritxu Kajoi festa antolatzen hasi zirenetik. Mirariak ere egin izan ditu; adibidez, egin zuen lehena 1981ean izan zen: herriko plazako iturritik ardoa ateratzea.

Aurten zer mirari egingo duen ez dakigu, baina momentuz eskualdetik bidaiatzen ikusi izan dute, Maritxu Kajoiren jai batzordeak sare sozialetan zabaldutakoaren arabera. Aretxabaletan loreontziak ureztatzen ibili zen, «belar txarrak ardoarekin ito guran». Gero, Arantzazura abiatu zen. Bertan oñatiarrak agurtu zituen eta, bide batez, gaurkoan eguraldi ona egiteko eskatu zion Pello Zabalari.

Borroka feminista

Dotore jantzitako kuadrillak goizetik aterako dira kalera eskapulaixua erostera (lortutako dirua jaiei laguntzeko izaten da). Iluntzean, 20.30ean, Maritxu Kajoirengana gerturatuko dira eta lore eskaintza egingo diote. Bertan, prestatu duten «otoitza» irakurriko dute. Aurtengoak urteurrenari egiten dio erreferentzia, baita eraso sexistei ere, ospakizun honetan ere ez baita onartuko halako jarrerarik.

Gauerdian txosnagunetik manifestazio feminista abiatuko da «matxiruloei» jakinarazteko kalean lekurik ez dutela eta, hauek ere, eraso sexisten kontra agertzera bultzatzeko asmoz.